Urrun geratu zaizkit kimika eta fisikako klaseak, baina gogoan dut termodinamikaren printzipio edo legeak hiru zirela, eta gero zero lege gehigarri bat. Gustatzen zitzaidan unibertsoari legeak aplikatzearen ideia, natur zientzietatik nolabait hondoko kode zibil kosmiko bat lurpetik ateratzen ari bagina bezala. Ez da oso serio hartu behar, baina nolabaiteko baikortasuna dario, apurka-apurka zentzua, ordena deskubritzen ari garen ideiari.
Homer Simpsonek badu une gogoangarri bat Lisa alabak eraiki duen betiereko mugimenduaren makina aurkeztu berri «etxe honetan termodinamikaren legeak obeditzen ditugu» erantzuten dionean. Legeak horretarako baitaude, obeditzeko eta desobeditzeko; horrek egiten ditu lege.
Zentzu horretan, eta, gezurra dela badakidan arren, oso maitea dut erleek hegaz egiteko orduan termodinamikaren legeak hausten dituztela dioen mitoa. Imajinatzen ditut hor zehar hegaz, errebelde eta potolo, eutsi behar ez liekeen airea astinduz burrunba egiten, printzipio fisikoei burla eginez. Irudika ditzaket ezinezkoari ez ikusiarena egiten, existentzial eta materialki ezaxolati, termodinamikoki desobediente.
Aurten ume txikiekin ibili naiz Bilboko Aste Nagusian eta erleez gogoratu naiz berriz ere. Badaude zorionez ezinezko gertakariak, ezinezkoak zirela ez genekienez gertarazi genituenak. Zeroa hartuta dago, baina lege bezala proposatuko nuke: dena da ezinezkoa, egiten dugun arte.