Bada interesgarria udari zenbat gauza egozten dizkiogun, zenbat gauza itsatsi zaizkion gu garen jendartean. Urtaroena errealitatea zatitu eta izendatzeko asmatu dugun modu bat den arren, udako solstizioaren eta udazkeneko ekinokzioaren arteko epe hori da uda, hemisferio batean modu batean funtzionatzen duena eta bestean alderantziz, gauak eta egunak bezala. Hemengo uda hango negua da (edo beharbada alderantziz).
Kontua da gizakiok ez dugula dagoen hori bere horretan eta zuzenean sumatzen, ikasitakoaren arabera baizik. Uda zaigu fenomeno astronomiko eta erregimen sozial: aldatzen dizkigu oporrak eta jatorduak, lotarako ohiturak, egunkariko zutabeak eta telebistako programazioa. Urrunera joan eta argazkiak egin eta besteei erakustera bultzatzen gaitu. Piraguan ibiltzera. Karramarroak harrapatzera. Txosnak muntatzera.
Udak beste usain sozial bat hartzen du, beste zapore existentzial bat, igandeek bezalakoa baina alderantziz, janzten duguna aldatzera, afariak luzatzera garamatzana. Finean udan egiten ditugu neguan egiten ez ditugunak, beroak, argiak, orbita eliptikoak baimena emango baligu bezala.
Klima larrialdi betean bero-kolpe gehiago, sarriagoak, luzeagoak omen datozkigu hemendik aurrera. Beharbada urtaroen esanahiak aldatzen ikusiko ditugu laster. E-mail gutxiago idatziko diogu elkarri azaroko uda minean. Eta neguan joango gara hondartzetara atseden hartzera.