Amari amua bota diot. Bion bizkar eta lepo minberatuek zein garun nekatuek baiezkoa erantzun dute berehala. Barealdi bat behar dutela, elkarrekin igarotzeko oporraldi bat.
Ez dugu urrun joan nahi, helmuga ez da helburua. Goizean jaiki, kirola egin eta itsasoaren gazitan berpiztu ostean gosaldu nahi dugu. Patxadaz paseatu, liburuak zabaldu eta itxi ostean igerilekura jauzi egin. Kopak beteta topa egin eta bapo jan, eguzkitan zein itzalpean siesta egin aurretik.
Joan aurretik, ordea, bizikidetzarako oinarrizko gaiak landu ditugu. Lehena sinplea da. Guztia ez dugu elkarrekin egin beharrik, bakoitzak hartuko dio neurria norberaren atsedenari. Bigarrenak, kontrara, historikoki ika-mika gehiago sortu izan du gure artean: ez naiz depilatuko eta ez dut gaiaren inguruan ohiko iruzkinik nahi.
Ahoa eta bekokia zimurtuagatik, algara artean ituna sinatuta ekin diogu Urrezko Kostalderanzko bideari. Gezurra badirudi ere, oraindik gai horrexekin bueltaka ibili ohi gara. Nire hanka iletsuekin eta erabakiekin lasai egotea lortu dudan arren, haren onarpenik ezak eta behin eta berriro iritzia aldatzeko saiakerek haserretu izan naute maiz.
Gaurkoan ez, ordea. Etxerakoan amak aitortu dit, uretara sartzera gindoazela, nitaz hizketan sumatu duen bikote nagusi baten begiradari zuzenki heldu diola, lotsatu eta urrundu diren arte.
Olaturik gabeko hondartzan, zapi zuria zabaldu da azkenik. Ea haizeak alde eusten dion luzaroan.