Juan Carlos Elizalde Gasteizko apezpikuak, irratian eginiko elkarrizketa batean, direnak eta ez direnak erran zituen. Mendekati samar atzeman zitzaion, bere mailako arima artzain bati ez dagokiona. Nonbait aspalditik hausnartua zuen. «Hauxe da nire aukera» pentsatuko zuen.
Azaltzen ari zen gaia, hauxe: Gasteizko Zaramaga auzoan, andeatze egoeran dagoen San Francisco elizaren eraldaketa 1976ko martxoaren 3ko biktimen memoria zentroa izateko. Jakina denez, sarraski polizial hark bortz langile hildako, balaz zauritutako dozenaka lagun eta ehunka pertsona osasun zentroetan artaturik eragin zituen. Memorialaren inaugurazioa aurtengo martxoaren 3rako zegoen aurreikusia, gertaera haien 50. urtemuga betetzen baita, baina, nonbait, ez dute denborarik izan elizan dauden jaiotza erraldoiak tokiz aldatzeko. Zer nolako jaiotzak izanen diren!
Elkarrizketan, apezpikuak azaldu zuen «martxoaren 3ko biktimen elkarteekin (Martxoak 3 eta Memoria Gara) tirabirak bazirela eta zaila dela haiekin lan egitea Memorialeko Patronatuan». Hori aski ez, eta gehitu zuen talde horiek «oskola mingotsekoak» iruditzen zitzaizkiola.
Espainiako Errege Akademiaren hiztegiak honela definitzen du esamolde hori: bihurri eta harroputz izatea, bai eta ideia hagitz aitzinatuak dituen pertsona izatea ere. Dena den, MCD gay hiztegian eta bertze baten batean aipatzen da esamolde herrikoia eta mespretxuzkoa dela, mendetan zehar gizon maneratsuak edo homosexualak aipatzeko erabili dena. Nire aldetik, ez dut ideiarik apezpikuak zer erran nahi zuen, ezta zer ikustekorik daukan kolektibo horiek egindako lan txalogarriak ezein oskolarekin ere. Hartara, komenigarria litzateke apezpikuak pixka bat gehiago argitzea, dudarik gabe, homofoboak diren adierazpen horiek.
«Munduko higiezinen jaberik handienak, arte lanetan, bitxitan eta inbertsio funtsetan ondasun izugarrien titular den ber, jarrera kontsekuenteagoa hartu beharko luke pobreziaz, karitateaz eta eskuzabaltasunaz bere predikuak botatzen dituenean»
SABINO CUADRA LASARTEÂ Abokatua
Ondoren, aurrekoa gutxi balitz bezala, administrazio lokal, foral eta autonomikoaren aurka jo zuen, proiektua gauzatzeko izaten ari diren atzerapenen hobenduntzat hartuz. Orobat kritikatu zien aitortzarik eza, apezpikutzak azaldutako eskuzabaltasunaren aitzinean, hark eliza laga izan baitzuen (kasu, erabilera, ez jabetza!) Memorialaren proiekturako eta instituzioek ez diote behar bezala eskertu. Apezpiku gaizoa, horren bidegabeki tratatua!
Haren adierazpenek erakusten dute umiltasunik eza eta harrokeria sobera, azken hau bekatu kapitaletako lehena. Horretarako ebanjelioek eurek (Mateo 6:3) Jesusen ahoan hauxe paratzen dute: «amoina ematen duzunean, aurretik ez jo tronpeta, sinagogetan hipokritek egiten duten bezala (…) Zure ezkerreko eskuak ez dezala jakin eskuinak egiten duena». Baina apezpikuak nahi duena da instituzioek aitortu dezatela haren ustezko ontasuna eta olatuarena egin diezaiotela. Errandakoa, harrokeria erruz. Bertze alde batetik, elizaren jabetzei buruz hitz egiten hasita, hobe luke prelatuak Araban, 1978tik 2015era, Elizak immatrikulatutako 69 higiezinak itzultzea, horretarako lege frankistek eta antzeko gobernuenek (Aznarren PP) babesa eman baitzioten. Sotanak erabiliz egindako lapurretatzat hartu dira justuki.
Gai aldaketa. Duela pare bat urte, Iruñean, San Ferminen irudia gordetzen duen San Lorenzo elizako erretoreak ateraldi ederra izan zuen, hots, sanferminetako eskailera plagiatuko bigarren meza Polizia Nazionalari dedikatzea. Gorputzaren sorreratik 200 urte betetzen ziren eta, erretoreak segur aski bertze egitekorik ez zuenez, meza Poliziari ofrendatu zion Sanferminetako segurtasunean, azken hamarkadetan, izandako funtsezko zereginarengatik. Horrela goraipatzen zen, bertze gauza batzuen artean, 1978ko sanferminetan gauzatutako eraso indiskriminatuaren erantzuleen zeregina. Ez ahantzi, hildako bat, balaz zuritutako 11 lagun eta 300 gehiago ospitaleetan artatu utzi zituena.
Eta gauza ez zen horretan gelditu. Erretoreak onartu zuen saindua kapa urdin-polizialarekin janztea ere. Bertan, urrez brodaturik, aingeru guardakoak (Poliziaren patroiak), Espainiako eta Nafarroako armarriak, eta horren entseina eta ezaugarriak agertzen ziren. Zentzugabekeriako ateraldi hura zela eta, plazaratutako kritika ugari izanagatik, artzapezpikuak bertze aldera begiratu zuen, deustaz enteratu izan ez balitz bezala.
Elizak franko irrist egiten du memoria demokratikoarekin lotutako gai ororekin. 36ko estatu kolpe faszio-militarra bedeinkatzeak eragindako bestondoa, bai ehun milatik goiti erail eta desagertu utzi zituen hura bedeinkatzeak. Diktadurako 40 urtetako bestondoa, errepresioa eta giza eskubideen urraketak haien Espainia nazional-katolikoan nahieran ibili zituzten bitartean, Franco genozidari ehunka milioi meza ofrendatu eta, hotsandiko prozesioetan, palio azpian eraman baitzuten eta mota guztietako ospakizun erlijiosoetan ohore tokiak erreserbatu baitzizkioten. Jakina, horren truk, Elizak pribilegio ugari eta oparoak hartu zituen (fiskalak, ekonomikoak, hezkuntzakoak, sozialak...), joan den mendeko 70eko hamarkadako trantsizioak indarrean mantendu zituenak, ondorengo gobernu bakar batek ere (PP, PSOE) deus egin ez duela bidegabekeria zuzentzeko.
Eliza ez dago gaur umiltasun eta eskuzabaltasun irakaspenik emateko deusi buruz. Munduko higiezinen jaberik handienak, arte lanetan, bitxitan eta inbertsio funtsetan ondasun izugarrien titular den ber, jarrera kontsekuenteagoa hartuko beharko luke pobreziaz, karitateaz eta eskuzabaltasunaz bere predikuak botatzen dituenean. Eta mezak ofrendatu eta Iruñean, 1978ko sanferminetan gauzatutako eraso kriminal indiskriminatuaren erantzule izan zen gorputz poliziala goresteari utzi.