Erakustoki zabalena ez da nahikoa

Gotzon Barandiaran Arteaga.
2015eko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Euskal sortzaileon lanak herrikideen gehiengoarentzat ikusgarrienak, ezinbestekoenak, lehentasunezkoak izan daitezen. Ez gaituzte entzuten. Eta hala ere, astegun buruzurietan Brooklyngo pizzeria txeko batean jotzen duen goi mailako gitarrajolearen taldea entzutera baino lagun gehiago hurreratzen dira gure kantupera. Erretretarik gabe, kalte-ordain bako bat-bateko kaleratzez desagertu da ia berrogei urteko antzerki taldea, despedida jendetsuen aiduru, oholtzarekiko azken zorrak palagatu ezinean. Eta hala ere bizi osoa injustiziei aurre egiteko antzezte lanetan ematen duen taldea gogoan dutenak halako hamar gara gurea akorduan daroagunok.

Ez gara bitsetan bizi, baina badira gure aldean okerrago dirautenak. Baina hori ez zaigu kontsolagarri. Euskal sortzaile batentzat Durangoko Azoka aukera ona da bere lana milaka laguni aurkezteko, sinatu bitartean irakurleak limurtzeko, stand berean, norberak legez lan berria ekarri duen ofiziokideagaz inguruko standean dagozen ofiziokideak larrutzeko, burutu duguna baino, burutu asmo genuenaz azalpen luze mamitsu gezurrezkoak konpartitzeko, maiteari,haurrideei, lagunei ukatutakoorduek zerbaiterako balio izan dutela sentitzeko, gure komunitatean nor garela sinesteko, ordu txikienetara arteko hordialdietan egundo beteko ez ditugun asmo handiko proiektuak belarri errukarrietan botaka egiteko, zaleren batek gure lana loriaturik zilborrak gerri osoari buelta zelan ematen digun ohartuz laketzeko.

Eta hala ere gertatuko zaigu milaka begiren aurrean ikusezin bihurtzea, inork mikrofonorik singleena ez ahoratzea, bizitza beste geure poltsatik izerditutako dirutza xahutu ostean munduak erabat ignoratzea, eskuorrietako diseinatzaileek sekula ez nabarmentzea, posearen masterretan cum laudedunei alfonbrarik gorrienak zelan zabaltzen dizkieten gure begien aurrean pairatzea, lau-bost egunez, hamarretik gorako lanorduen akaberan, hipermerkatuetako karrajuetan bisaia alegrez aritzen diren lurrun saltzaileen pareko sentitzea. Eta hala ere badakigu dugunik eta plazarik distiratsu, zabal eta esker onekoena dela. Eta horregatik ere, ez da nahikoa.

Duela zortzi urte hainbat sortzailek Ahotsenea abiaraztea erabaki genuen. Guk ere nahiko genuke gure ahaleginen izerdi tangada gehien sorkuntzarako isurtzea, guk ere nahiko genuke sortu eta atoan kazetarien deiak jasotzea, antolatzaileek baldintza duineko eskaintzak luzatzea, irakasleek gure haurrek biharko eskoletan abestuko dituztenen artean egotea, deiadar egin eta zale saldoak geureganatzea.

Baina badakigu sortzearekin ez dugula nahikoa. Badakigu gure kulturaren biziraupena bermatuko duten erabakiak hartzeko guneetan egon beharko duguna, badakigu kazetariak bidelagun hartu beharko ditugula, badakigu geure burua eskaini beharko diegula hezitzaileei euskal kulturaren transmisio lanetan, badakigu antolatzaileekin eskuz esku jokatu behar dugula elkarren nahiak eta beharrak asetzeko, badakigu zalerik gabe sortzea ordekan oihartzunaren zain egotea dela.

Zorionak Gerediaga, Gora Durangoko Azoka! Bihotzez diot, ospatu dezagun mende erdia, merezi dugu, bejondeigula!

Eta biharamunean, eman diezaiegun su besaulkiei eta goazen asunen artera biluzik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.