Danele Sarriugarte
ESKUAK LAU, BEGIAK HAMALAU

Artista eta garaia: behin-behineko oharrak

2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskerrak eman nahi dizkiot Saioa Alkaizari. Eskerrak euskal kulturaren plazan zegoen elefante zurietako bat aipatzeagatik, eskerrak duintasunagatik. 

Jakingo duzue: Katu ileak txandaletan nobela-proiektuarekin Igartza saria irabazi ostean, Alkaizak uko egin dio aukerari, CAF enpresak hornitzen duelako sariketa hori diruz, eta CAF enpresa inplikatuta dagoelako Palestinako genozidioan. Horrek esan nahi du Alkaizak 10.000 euroko sari bati egin diola uko, bai eta ondo ezarritako euskal argitaletxe baten babespean argitaratzeari ere.

Ukoaren berri izan bezain laster, Boikota, Desinbertsioak, Zigorrak-ek (BDZ) Alkaizaren erabakia txalotu zuen: 2019tik dute martxan CAF jaitsi Israelen apartheidaren trenetik kanpaina. Nik ere txalotzen dut Alkaiza, eta, aparte, nabarmendu nahi nituzke sariaren prentsaurrekoan esan zituen gauza batzuk. 

Honako hau bildu zuen egunkari honetan bertan Iratxe Muxika Karrion kazetariak: «Nahia izena du Katu ileak txandaletan obrako protagonistak, eta pobreziak eta biolentziak markatutako familia bateko alaba da. 'Iruditzen zitzaidan askotan fikzioan pertsonaiek aseta izaten dituztela beren betebeharrak eta, orduan, problematikak sortzen direla oinarri oso desberdin batetik', azaldu du Alkaizak. 'Ez da gauza bera zure bikotekideak adarrak jartzea frigorifikoa hondatu eta gero ezin duzunean beste bat ordaindu, edo oinarrizko arazo ekonomiko hori aseta duzunean'». 

Bai eta beste hau ere: «[Alkaiza] aspalditik aritzen da sorkuntzan. Bertsotan egin zen ezagun —Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna izan zen 2021ean, eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen bigarren itzulira iritsi zen 2022an—, eta eleberria idazteko saltoa egin du orain. Aitortu du, baina, sariagatik izanen ez balitz ez lukeela sekula libururik idatziko. 'Sorkuntzan aritzea da baliabide naturalak izatea eta denbora nahikoa edukitzea horri ekiteko. Sistema kapitalista zis-heteropatriarkal batean hori oso zaila da lortzen', erran du, (...). 'Beka hauek mugarri bat dira bizitza saturatuetan denbora eskaintzeko'». 

Ez da gauza bera sari bati uko egitea sariagatik izango ez balitz ez bazenu sekula libururik idatziko, edo arazo ekonomiko hori aseta duzunean.  

(ID_17588969973115) AINARA AZPIAZU ADURIZen ilustrazioa
AINARA AZPIAZU ADURIZ 'AXPI'

BDZkoek ere onartzen zuten, Alkaizaren erabakiaren ostean kaleratu zuten oharrean, ez dela erraza «halako aukera bat» bazterrean uztea. Aukera handi bat izan baitzitekeen, eta artikulu honetan dagoen elefante zurietako bat agerian uztearren, aukera handi bat izan baita beste batzuontzat. Nik neuk Igartza saria irabazi nuen 2012an, eta ez nintzen Alkaiza suertatu den ataka etiko-politiko berean suertatu —suertatu banintz ezin dut jakin zer egin izango nukeen, baina ez nintzen suertatu—, eta ez nion aukerari uko egin, eta orain hementxe nago: beste hainbat faktoreren artean Igartza sariak ahalbidetu du nire ibilbidea. 

Badugu zer pentsatua. Egiturei erreparatzen segi behar dugu. 

Eta egituraz ari naizela, eta egituretan egiturarik baldin bada: eskerrak eman nahi dizkiet Musikariak Palestinarekin kanpaina sustatzen dabiltzanei, Spotify uzteko deia zabaldu eta bideratu baitute Euskal Herri mailan. Streaming-plataforma berdeak 700 milioi dolarreko inbertsioa egin du armagintzan, eta lehendik ere artista askok salatu izan dituzte enpresa horrek ezartzen dizkien baldintza guztiz prekarizatzaileak. 

Eskerrak informazio argiagatik, eskerrak antolakuntzagatik. Ekintza kolektibo eta egunerokoa da boikota. 

Eta hor ere ez da gauza bera, musikari direnentzat, beren zaleei Spotify ez erabiltzeko esatea, edo Spotifytik beren musika kentzea zuzenean —Beñat Bidegaini irakurria, Joseba Baleztenaren bidez—, bigarren kasuan entzuleek nahitaez jo beharko dutelako Spotify ez den plataformaren batera. 

Eta ez da gauza bera Spotify uztea entzuleak, medioak eta zelaiak bermatuta dauzkazunean, edo ez. Edo Spotify ez uztea entzuleak, medioak eta zelaiak bermatuta dauzkazunean ere. 

Alde horretatik, Rosalíari ez diot eskerrik zertan eman. Hainbat komunitatek aspalditik kritikatu dute bere jarduna, herri bestetuen kultur praktikez jabetu eta etekina ateratzen dien aldetik, baina: «el señalamiento debería direccionarse hacia arriba (para quienes deciden y tienen poder de acción) y no entre nosotros» [goikoak seinalatu behar ditugu (erabakitzen dutenak eta ekiteko boterea dutenak), elkar seinalatu ordez]; tamainako larrurik ez nuen espero (espektatiba inozoa akaso, eta bidegabea ere bai, beharbada?). Kasuaren analisi ñabartuago bat nahi baduzue, Frankie Pizáren La extinción del «artista neutral» artikulua gomendatzen dizuet. 

*

Hau idazten ari naizela 2025eko irailaren 16a da, Israelgo armadak Gaza hiria lurrez hartzeko operazioa hasi du, 2023ko urriaren 7tik ia 2 urtera, 1947tik 78ra. 

Hirurogeita hemezortzi.

Ez dakit lasai lo egitera aspiratu dezakegun, edo aspiratu beharko genukeen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.