Literatura

Saioa Alkaizak uko egin dio Igartza sariari, «Palestinaren genozidioan CAFek duen inplikazioagatik»

CAF enpresa da Igartza sariaren finantzatzaile nagusietako bat. Baina Alkaizak nabarmendu du «genozidioaren konplize» ere badela, eta ez du nahi enpresak bere burua «kulturaren bidez zuritu» dezan. 10.000 euroko laguntzari egin dio uko.

(ID_15303881) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-10, Donostia. Igartza saria
Saioa Alkaiza, iragan asteazkenean Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 13a
09:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den asteazkenean iragarri zuten Igartza literatur sariketaren 28. aldiaren irabazlea: Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991). Katu ileak txandaletan izeneko nobela proiektuagatik nabarmendu zuen epaimahaiak, eta, ohi denez, gogora ekarri zituzten bekaren gerizpean idazleak eskuratutako onurak eta bete beharreko epeak: 10.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza sariak, eta urtebeteko epea dago azken emaitza aurkezteko. Ordea, irabazlearen iragarpena egin eta hiru egun eskasera, sariari uko egin diola jakinarazi du Alkaizak. Beka bazter utziko du, eta argi eman du bere argudioa komunikatu batean: «Palestinar herriaren kontra gauzatzen ari diren genozidioan CAFek duen inplikazioa salatzeko, uko egiten diot Igartza sariari». 

Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak (Gipuzkoa) eta CAF enpresak antolatzen dute saria, eta, hain zuzen, azken hori da finantzatzaile nagusienetako bat. Besteak beste, idazleak salatu du CAFek «kulturaren bidez zuritu» nahi duela bere burua, eta, dioenez, hori bera oztopatzeko aukera gisara baliatu du, horregatik, keinu hau. «Israelen kontrako boikot kanpainak martxan dauden honetan, kulturgileoi lerratzea dagokigu».

Izan ere, enpresak genozidioan duen «inplikazioa» azpimarratu du idazleak. NBE Nazio Batuen Erakundeak CAFi buruz eman berri duen txostena ere ekarri du gogora. Alkaiza: «CAFen jarduera jopuntuan jarri du, gerra krimenetatik etekina ateratzen duen enpresetako bat delako, eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari den trenak palestinarren burujabetzaren kontra egiten duelako». 

BDZ taldearen txaloak eta eskeak

Notiziaren berri eduki eta berehala, Alkaizaren erabakiari buruzko balorazioa plazaratu du BDZ Boikot, Desinbertsioen eta Zigorren aldeko nazioarteko taldeak. Idazleak emandako pausoa «txalotu eta eskertu» du BDZk, eta onartu ez dela erraza «halako aukera bati» uko egitea.

Dena dela, Elkar argitaletxeari eskeak egiteko ere baliatu du aukera BDZk. Argitaletxeari galdegin diote «hausnartu» dezala eta egin ditzala urrats batzuk CAFekin duen harremanari dagokionez. «Erabaki ausartak hartzera gonbidatu nahi dugu, genozidekin kolaboraziorik onartuko ez duen kultur mundu baterantz pausoak ematera». 

CAF enpresa proiektu bat ari da eraikitzen Jerusalemen. MAGDA GIBELLI / EFE
CAFek Jerusalemen duen proiektuarekin loturiko eraikuntza lanak. MAGDA GIBELLI / EFE

Plazaratutako komunikatuan azaldu dutenez, hau ez da Palestinaren genozidioaren gaiari buruz Elkar argitaletxearekin hitz egiteko eginiko lehenbiziko urratsa. Esplikatu dute aurrez ere eskatu izan diotela CAFekin abian dauzkaten kolaborazioei buruz hausnartzeko. 

Eta, Igartza sariagatik ez ezik, euskarazko ekoizpena sustatzeko beste proiektu batengatik ere eskatu ditu aldaketak BDZk azkenaldian: euskarazko zientzia dibulgazioaren CAF-Elhuyar sariagatik.Elhuyarrekin ere jarri izan da harremanetan BDZ horretarako. Edonola ere, antolatzaileek sariketa etetea erabaki zuten aurtengo uztailean, «sariketa behar bezala egiteko baldintzarik ez zegoelako»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.