Danele Sarriugarte

Itzulpena eta galera

2025eko azaroaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukarestetik idazten dizuet gaur: hemen eman ditut azken bi asteak, proiektu baten harira. Bidaia-eguna deadline moduko bat zen, hainbat gauza itxi behar nituen etorri aurretik —deadline-ak lagungarriak zaizkidala esan ohi dut, baina lagungarriak zertarako?—. Errumaniara iritsi arte, beraz, ez nintzen ohartu: maleta egiterakoan, ez zitzaidan bururatu beste bidaia batzuetan egin izan dudana egitea, helmuga dudan kulturako libururen bat eramatea aldean.

Errumanierako literaturaz nekien apurraren errepaso bizkor bat: Huligana, Norman Manea-rena, irakurrita neukan, Koro Navarrok bikain itzulia —ohi bezala—, Literatura Unibertsala bilduman; gero, bazegoen Tatiana Tibuleac-en Vara in care mama a avut ochii verzi, oporraldi batean eszeptikotasunez hasia —uharteko liburuzainak gomendatu zidan, eta hari kasu egitera behartu nuen neure buru tentea—, eta txundiduraz amaitua —gaztelaniaz irakurri nuen, Marian Ochoa de Eriveren itzulpenean—; gero, zera, pentsatzen jarrita, alemanez idatzi arren —Ibon Uribarrik euskaratu baitzion nobela hura Nobela irabazi zuenean—, Herta Müller-ek ez al zeukan nolabaiteko loturaren bat Errumaniarekin? —bai, badu—, ba irakurri nuen liburu hori, eta gustatu zitzaidan, nahiz eta Bigarren Mundu Gerrarekin lotuta zegoela besterik ez dudan oroitzen; bazeuden, nola ez, XX. mendeko Parisekin lotzen nituen izen errumaniarrak —Cioran, Ionesco—, eta, azkenik, noski, nire «zor» nagusia —Nobelerako hautagai eternoa, horrela izendatzen dute kontrazaletan—: Mircea Cartarescu. Batez ere bere liburuak topatu genituen ingelesera-frantsesera-gaztelaniara itzulita.

Amore eman nuen. Liburutegian hartu nuen berrienetako bat, Solenoide —Marian Ochoa de Erivek gaztelaniaratua eta Impedimentak argitaratua, Cartarescuren ia guztiak bezala—, zazpiehun orrialdeko liburutzarra —kink bat daukat nobela totalekin—. Lasaitu nintzen; Bukarestera ekarri ninduen proiektuari ekin genion.

*

Elipsia. Astebete daramat Bukaresten, eta bertako norbait aurkeztu digute: erabateko match-a izatea espero zen, eta hala izan da. Orain badakigu antzerkia oso potentea dela Errumanian, eta sare kuir-anarkistak Cluj-Napocan daudela —zimikoa bihotzean—. Agurtu aurretxoan esan diot gure match-ari zer ari naizen irakurtzen —hasperen egin du—, eta ea gomendatuko lidakeen belaunaldi gazteagoetako idazlerik, geure garaikiderik, berari interesatzen zaionik. «You know, we’re not a major language, so most things don’t get translated». Nahi ez nuen erantzuna, espero nuen erantzuna. «But a friend of mine, the mother of all queers in Bucharest, will be presenting her new book on Saturday. I mean, it’ll be in Romanian…».

Aurkezpenean ulertu ditugun hitz batzuk: autoficțiune, autoteorie, Annie Ernaux, hibrid. Bere bigarren liburua argitaratu berri du Nóra Ugron-ek: Uimirea-Frica A Pamantului; poema, kontakizun narratibo eta saiakeren bilduma bat.

7. Danele itzulpena eta galera
AINARA AZPIAZU ADURIZ ‘AXPI’

Aurkezpenean ulertu ditugun hitz gehiago: corecţie, maghiară. Azken hori hainbat aldiz esan dute. Mugikorrean egiaztatu dut badaezpada ere, baina bai, hungarierari buruz ari dira. Gero azaldu digute, ingelesez: hungariar minoria bat dago Errumanian —Austria-Hungariako inperioaren arrasto—, eta, zehazki, Transilvaniako bi konderritan hungariera hizkuntza koofiziala da. Ugronen lehen hizkuntza, beraz, horixe da, ez errumaniera.

Corecţie zergatik aipatzen zuten horrenbeste: errumanieraz idazten duenean, antza, akatsak egiten ditu Ugronek, eta lehen liburua zuzendu egin zioten errumaniera normatiboarekin bat egiteko, baina bigarren hau ez. Ohiko akatsen artean, gauzen generoa azpikoz gora jartzen omen du, eta liburuaren planteamendu kuirra aintzat hartuta, maskulino eta femenino linguistikoen anarkia hori interesgarriagoa iruditu zitzaien denei: bai argitaletxeari, bai berari —azken paragrafoek norantza guztietan egin dizuete oihartzun, ezta?—.

Lau hizlarien arteko jarduna bizi dabil, eta jendeak erraz parte hartzen du; komunikazio ez berbala hasieratik harrapatu dugu.

Aurkezpenean ulertu dugun azkena: autoreak Palestinaren alde irakurri duen poema —horma batean baino ez dugu ikusi gisako aldarririk: Opriti genocidul, Opriti cenzura, Free Palestine; komun bateko atean bandera gorri-beltz-zuri-berdearen eranskailu baten aztarnak, ia osorik erauzita—.

*

Itzultzailea naizela esaten dudanean maiz aipatzen didate galera. Zehazki, zera galdetzen didate: itzulpenetan —itzulpenekin— zer galtzen den. Niri, egia esan, irakur dezakedan hizkuntzaren batera itzulita ez daudelako sekula ezagutu ezingo ditudanak, horiexek iruditzen zaizkit gabezia nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.