Horixe gertatzen ari dela iradoki dute selektibitatean euskara proban zero atera duten ikasleek. Garbiketa linguistikoa. Haietako baten ahotik entzun dugu: «Euskaraz ez dakigun bilbotarrok Bilbotik bota nahi gaituzte». Nork kanporatu nahi du nor Bilbotik? Hiriburuan badira euskaldunak, inguruko herrietatik hara joan ez direnak. Bertan jaiotako euskaldunak ezagutzen ditut, euskara lehen hizkuntza dutenak, haien guraso bilbotarrek legez. Horiek ez dira bilbotarrak? Edo bilbotar peto-petoa izateko erdaldun hutsa izan behar duzu? Zeinek ditu eskubide linguistiko gehiago Bilbon: euskaldun batek ala euskaraz ez dakiela aitortu duen mutilak?
Haserre dugu ikasle taldea, hedabide unionista nagusiak xaxatuta. Primeran etorri zaizkio Deustobarometroaren emaitzak. Datu horien arabera, herritarren %80k ez dute nahi administrazioan lan egiteko euskara gehiago eska dezaten. Inkestaren galderetako batek hala dio: euskara gehiago lehenetsi behar da? Gehiago lehenetsi? Barkatu, baina lehentasuna ematea zerbait beste zerbaiten aurretik ipintzea da. Hemen hizkuntza bakar bat dugu beste ezeren gainean leku guztietan, eremu publikoan zein pribatuan: gaztelania. Euskarari tokitxoak ematen, baimentzen ari zaio botere espainiarra. Besterik ez.
Euskara azterketa zailagoa ei da orain selektibitatean. Ebaluazio irizpideak beste hizkuntzenen mailan jarri omen dituzte. Hala ere, malgutasuna eskatzen ari dira zenbait aditu: ikasleen jatorria eta (testu)inguru soziolinguistikoa kontuan hartzeko, alegia. Gazte guztiei azterketa bera ipintzea justua ez dela diote. Ados, beste hizkuntzekin ere berdin-berdin jokatzen badugu.
Izan ere, bazter-auzo bateko eskola publikoan ikasi duenak eta udan, urtero, Dublinen hilabete igarotzen duen Irlandarrak eskolako ikasleak proba bera egin beharko lukete ingeles azterketa batean? Ez. Batzuei, I ham Mary zuzentzeko eskatu beharko litzaieke; besteei, Mary Shelley-ren The Last Man nobelaren jatorria azaltzeko. Lizeo frantseseko ikasleek Maupassant-en sifilisaren eboluzioa azaldu beharko lukete; frantsesa arrotz samar dutenek, aldiz, Ye suis à Paris esaldia txukundu. Deutsche Schule-n jardundakoek Thomas Bernhard austriarraren Heldenplatz antzezlanari buruzko polemika izango lukete aztergai. Alemanaren ezagutza askoz apalagoa duten ikasleek Kant nor zen jakin beharko lukete: filosofo alemaniarra ala Bayern Munich-eko atezaina. Hala egingo dugu?
Zeinen ulerberak, zeinen jatorrak garen. Edo zeinen ergelak, zeinen txepelak, baldin eta egia bada %80 euskara normaltzearen kontra gaudela
Malguak izan behar dugu. Kontuan izan: Deustuko inkestaren arabera, euskal herritarren %80 ez daude administrazioan euskara gehiago eskatzearen alde. Areago: %47,6ri gehiegi iruditzen zaio orain exijitzen dutena —hemen zalantza: horietako zenbat dira euskaldunak?—. Zetak taldeak 80.000 lagun bildu ditu San Mamesen. Deustobarometroaren portzentajeak agertzen duenez, 64.000 inguruk defendatuko lukete jarrera hori. Buaaa, txabal, ze pasada!
Zeinen ulerberak, zeinen jatorrak garen. Edo zeinen ergelak, zeinen txepelak, baldin eta egia bada %80 euskara normaltzearen kontra gaudela —zer da, ba, gauzak bere horretan uztea?—. Ez da harritzekoa Loles Leonek Mitoaroa III ikuskizunean euskaraz egiteko arazorik ez izatea. Bartzelona jaioterrian ez zuen katalanaren normalkuntzaren alde egin, baina. Madrilera alde egin zuen handik. «Normalizazio linguistikoaren kontu hori irten zen, eta orduan oso zaila izan zen. Txarnegoa izaten hasi nintzen, gero botiflera (traidorea), eta orain kolonoa, Madrilen nagoelako», adierazi du RAC1 irratian.
Arrazoia izango dute euskara sustatzeko xedez limurtzea proposatzen dutenek? Sorterrian arbuiatzen zuen normalizazio linguistikoaren alde egingo du Loles Leonek berton? Baliteke, baina, badaezpada, ez diogu galdetuko Bilbotik kanporatu nahi omen dituzten ikasleei buruz. Berak Bartzelonatik hanka egin zuen eta bilbainito-bilbainita peto-peto horien sufrikarioak zeharo hunki lezake. Eta orduan lilura apurtu eta espantuka hasiko litzaiguke: «¡Aquí no hay quien viva!».