Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Herri guztia su

2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Lumoko kanpaien errepika entzun zutenean Forura pasean zihoazen Kepa, 8 urte, eta Iñaki, 10 urte, ama Joxeparekin.Bi hilabete eta erdi zeramaten Gernikan.

Zarauzko agintari berriek autobus batean sarrarazi zituzten otsaileko egun batean, aurrera joan ziren gudari guztien emazte eta seme-alabekin batera. Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku... Lubakiak Ondarroa eta Lekeitio artean zeuden. «Alto el fuego!», eta oinez pasa ziren zakuz osatutako hesien gainetik. Lekeition, harrera udaletxean, salda bero eta guzti. Jarraian, banaketa. Zarauzko familia gehienak Gernikara, Loiola batailoia ere han zen eta. Gauerako, Gernikan ziren.

Handik bi hilabete eta erdira Lumoko kanpaien errepika entzun zutenerako, hots hori ezaguna zuten, gerra hegazkinak sarri ikusiak zituzten Gernikako zeruan eta bonba hotsa ere entzuna zuten, lau aste lehenago adibidez, Durangon lehertu zirenak erraz entzuten baitziren Gernikatik. Ez zuten denborarik galdu udaletxe azpiko bi aterpeetako batean sartzeko. Lehenengo Heinkel 111 iritsi eta Rudolf von Moreau pilotuak tren geltokiaren gainean lehenengo sei bonbak jaurti zituenerako, aterpean zeuden.

10 urteko haurrak nola bizi du bonbardaketa lur azpiko gordelekutik? 85 urteko gizonak nola gogoratzen du 10 urteko haurrak bizitakoa? «[Aterpean] sartu eta handik pixka batera hasi ziren bonbak. Bum! Bum! Urruti, hasieran. Gero eta hurreago. 'Hau hurre huan!'. Gero, bertan. 'Hau bertan huan!'. Halako batean, Braa!, gainean. Ordura arte jendea sartzen, baina aurreneko leherketa harekin, atea blokeatu zen. Gizasemeak hasi ziren esaten: 'Umeak bizkarretan hartu!'. Zertarako? Atea itxi zenean, gero eta estuago, eta arnasa hartzeko edo jendea lasaiago egoteko, umeak bizkarretan. Jendea errezatzen hasi zen eta… Bum! Bigarrengoa. Bigarrena izan zen handiena. Uste genuen erortzera zihoala dena, baina horrelaxe gelditu zen. Jendea negarrez, errezatzen… Hura erortzen bazen beste mundura gindoazela, alegia. Bigarrena erori zenean, paretak eta harri koskor batzuk erori ziren, eta Kepari arrastaren bat egin zion buruan jotako harri koskorren batek. Odola. 'Kepa zer dezu?' Hantxe denak, hirugarrena eroriko zelakoan. Asko aditzen ziren bonbak. Eta halako batean, Da!, berriz ere bertan, baina zera handirik ez. Aguantatu egin zuen».

Aterpe guztiek ez zioten eutsi. Xabier Irujo historialariak bonbardaketari buruzko liburu berria argitaratze bidean du. 11 aterpe zeuden Gernikan, eta hamarrek eutsi zioten. Andra Mari Plazakoa, handienetakoa, hondoratu egin zen. Aterpe hartatik bizirik ateratako bakarraren testigantza dago, Irujoren arabera, eta hondakinetan lanean aritutakoek diote inor ez zutela bizirik atera. 300 lagun inguruk galdu zuen bizia Andra Mariko babeslekuan, Irujoren kalkuluen arabera.

Baina udaletxe azpikoak eutsi egin zion. 10 urteko mutikoa, berriro: «Sarrera hondakinekin tapatuta gelditu zen. Hirugarren bonba hori pasa, bonbardeoak pixka bat segitu zuen, gero isiltzen hasi, gero eta isilago eta, gero, puskatean, isil-isilik. Gu danok, behean, negarrez eta errezatzen. Joan ziren [hegazkinak], baina berriz etorriko zirenik… Handik pixka batera hasi ginen goian soinuak aditzen: pikatxoiak, bozak eta zerak. Behean hasi ziren: 'Ari dira! Ari dira!', 'Laster aterako gaituzte!', 'Animo!', 'Alde egin dute!'. Batzuk euskaraz, besteak erdaraz. Milizianoak, eta gudariak, eta denak. Halako batean, zuloa irekitzea lortu zutenean, 'Primero los niños!', 'Umeak aurrena!'. 'Arriba!'. Hartu eta gora, ateratzen. Atera ahala, 'Lumora!'. Herri guztia sutan zegoen. Herria guztia su! Jendea saltaka, batzuk alde batera, besteak bestera, batzuk esku-oheekin, besteak zerarekin… Suarena bukatzen zen lekuan zain, gero. Errepidea hasten zen lekuan, ama noiz agertuko zain. Ama agertu zenean, heldu, eta gu aurrera. 'Aita non ote dago?'. Aita eta aita. Aita bagenekien Gernikan zela, baina non zen, ez. Hantxe, gora eta behera, elkarri galdezka denak: 'Ikusi al den Hilario?', 'Ikusi al den Leandro?', 'Ikusi al den Patxi?'. Denak horrela. 'Hilario ikusi dinat, hor zebilen Hilario!', esan zion batek amari. Orduantxe emakumeak lasaitzen».

Bilbon hilabete eskas egin zuten. Maiatzaren 21ean Habana ontzian sartu zituzten bi anaiak, kartoizko erronbo bana lepotik zintzilik, norbere izenarekin, beste lau mila haurrekin. Southampton, Southall eta Scarborough, hamabost hilabete etxetik kanpo, gurasoen berririk gabe ia: aita kartzelan zegoela, baina ondo zegoela. Ama, Getarian (Lapurdi); 5 urteko arreba, Garbiñe, Donostian izebarekin; bi urteko anaia, Imanol, Zarautzen amonarekin. 1938ko uztailean bildu ahal izan zuen berriro Murua Arregi familia osoak jaioterrian.

Ez zuten Gernikan egokitu ziren guztiek zorte bera izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.