Gizarte Antropologian doktorea

Heziketa neoliberala gizartearen ispiluan

2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur egungo ikaskuntza proposamenak bideratzen ari diren diskurtsoetan, neoliberalismoaren oinarrizko baldintzapena jartzen da jokoan: hezkuntza merkantilizatzeko joera. Ikaskuntza egitasmoen norabidea, arlo publikorako baliabideen esleipena murriztuz eta pribatizatuz gauzatzen denean, hezkuntza sistema merkatuko printzipio eta arauen arabera erregulatzen dela agerian jartzen da. Halaber, marketinerako hainbat teknika hezkuntza eremura zabaltzen direnean, optimizazioa, errendimendua eta arrakasta azkarra eskaini edo salduz, sailkapen eta rankingen menpekotasuna, merkatu lehiaren mesedetan gertatzen da. Tamalez, ikaskuntza arautzeko egungo joera nabarmena da, saihestu ezineko joko zelaia eta errendimendu ideologiaren isla. Friedrich-ek (2018) Errendimenduaren gizartea deiturikoan murgildurik bizi baikara honezkero. 

Eraldaketa pertsonalaren bila eta metodologia iraultzaileen lilurapean, orotariko adituen beharrizana sortu dugu, ez gutxitan, hezkuntza prozesuen burokratizazioa are eta gehiago loditzeko. Hain zuzen, ikaskuntza merkantilizazioa praktikan, hezkuntza jardunaren konplexutasuna hutsaltzeko eta hezkuntza despolitizatzeko interesaren emaitza dela onartu behar dugu. Errendimenduaren ideologia, arrakasta pertsonalaren liluraz jantzirik mozorrotu arren, gizarte doktrinamendu eta indibidualismoaren aurpegia baino ez baita.

Egin daitekeen irakurketa bat honakoa da: hezkuntza beharrizanak eredu neoliberalaren aginduen menpe antolatuz gero, presio modu askotarikoak ezartzen dizkio jardun pedagogikoari. Sakonki aztertzen du gaia Teresa Maldonado irakasleak Pedagogismoa (2025) bere liburu argitaratu berrian, pedagogiaren gehikeria deiturikoaren ajeak, hots: jardun pedagogikoari ezarritako baldintzapen garaikideak. Ondorioetako bat da, hezkuntza-praktika despolitizatu ez ezik, begirada norbanakoen psikologizaziora aldatzen duela sistema sozial ultraliberalak. 

Pentsamendu positiboaren aplikazioak, hezkuntzan, patologikoak ez diren ikaskuntza gertakariak patologizatzea ekarri baitu. Etengabe ugaltzen ari diren bakarkako sintomen etiketatze, sailkapen eta gaindiagnosiek hori erakusten digute, baina, aldi berean, inoizko depresio, antsietate edota suizidio arrisku kasu altuenak atzematen dira. Eta paradoxa hori esanguratsua da.

Egungo lan-nekearen gizartean (Byung-Chul Han) eta nolabaiteko desafekzioaren testuinguruan, akaso ulergarria izan liteke irtenbideak teknika salgarrietan bilatu nahi izatea, baina hezkuntza ez da merkatua. Hezkuntza praktika konplexua da, tokian tokiko lurraldean kokatua, bere tentsio etiko, politiko eta kulturalek zeharkatzen dutela. Hau da: hezkuntzaren jarduna praktika politizatua da.

Bada, hezkuntza prozesuaren konplexutasun soziala merkatuaren logikatik soilik ulertuz gero, Silicon Valley eredurantz lerratzen da ikaskuntza jarduna. Hasieran pantailek denbora lapurtu ziguten, baina orain gure arretaren jabe ere egin dira. Norbanakoaren neurri berriaren mende bizi garen Ni-aren aroan, Zuk bakarrik ahal duzu agindu neoliberala salduko dizun ideologia berbera da. Hain zuzen, ideologia neoliberalak sustatu duen pedagogia berria porrota izan dela dio Inger Enkvist suediar pedagogoak. Digitalizazio masiboaren hamarkada baten ondoren, Suediak liburu inprimatuetan inbertitzeko hartutako erabakiak funtsezko alderdi bat azpimarratzen du: hezkuntzak ikaskuntza sakona lehenetsi behar duela.

Hezkuntza jarduna merkantilizazio esparru bihurtuz gero, emantzipazio tresna izateari lagatzen dio, pentsamendu askearen edo gaitasun sortzailearen kalterako

Diskurtsoa despolitizatzen denean, hezkuntzaren ikuspegi teknokratikoa gailentzen da kulturan. Alajaina, Paulo Freireren bezalako ahotsak berreskuratzea zein mesedegarria litzaigukeen egungo aroan. Hark, hezteko prozesuan, kontzientzia kritikoa eta eraldaketa sozialarekiko konpromisoa ezinbestekotzat jo zituen. Hezkuntzak zeharkaturiko botere-egiturak zalantzan jartzeko, baina, marketinaren kulturatik eratorritako egokitzapen otzana ez baizik adorea eta kontzientzia kritikoa behar baita. Ikuspegi teknokratikoak, ordea, jardun pedagogikoa merkatu legearen barnean diziplinatzea ekarri du, bikaintasuna ikurtzat harturik, errendimenduaren ideologia neutroa bailitzan saltzeko, munduaren kultura bakar eta globalaren mesederako. 

Errendimenduaren ideologiak, justizia sozialaren, berdintasunaren eta ekitatearen idealak lekuz aldatu ditu. Ikaskuntza-komunitateen ahalduntzea emantzipazio bide beharrean, ikusgarritasun, entretenigarritasun, berehalakotasun, lehia eta optimizazioaren diskurtsoak maiteago ditu, Ikusgarritasun aroan (Guy Debord) ondo txertatutako topismo teknologikoaren adierazle.

Ezagutza mardularen oinarria duen ikaskuntza baliotsua lehenesteko garaia da ordea, Gramscirekin (2023) batera, hezkuntza politika erradikal baterako mesedetan. Ez ote da ikaskuntzaren balio sakona eta kontzientzia kritikoa egungo aroaren ikuspegirik iraultzaileena? Politika erradikal batek eskatzen digu batez ere ezarritako mundua zalantzan jartzeko gaitasunari benetan heltzea, hezkuntza jarduna gizarte bideragarriago baten mesedetan urgentziaz jartzeko. Alabaina, doktrinamendu globalaren eta ikuspegi indibidualistaren korrontearen aurka jardutea eskatzen du horrek, oldar neoliberalaren aginduei galga jarriko badiegu.

Hain zuzen, hezkuntza jarduna merkantilizazio esparru bihurtuz gero, emantzipazio tresna izateari lagatzen dio, pentsamendu askearen edo gaitasun sortzailearen kalterako. Batzuetan, ikuspegi teknokratikoa indartzeko; besteetan, giza autonomia galarazteko; edo, tamalez, inposatu den mundukera globalaren ikuskera neoliberala erreproduzitzen duen makineria indartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA