Mendian hil zitzaigun adiskide bat, mina. Artean ez genuen gidabaimenik, eta gogoan dut herriko ze bi kaleren arteko bidegurutzean agurtu ginen. Astelehenera arte.
Gerora, bizitzako nahigabe asko parkingei lotuak gogoratzen ditut. Bizimodu bat ere islatzen du horrek... Zubietako hipodromoko parkingean agurtu nuen Joxe Miel. Egin behar zioten ebakuntza ez zen, itxuraz, hain larria. Hurrengo saiora arte. Felixek eta biok, ETBren Iurretako egoitzaren parkingean esan genion agur elkarri. Irailera arte. Diegorekin berriz, despedida,Azpeitiko sagardotegi bateko parkingean egin genuen. Bartzelonatik itzultzean nire hango maratoiko miseriak jakin nahi zituela zehatz-mehatz. Kontatuko nizkiola. Gaur arte.
Murtzian (Espainia) gertaturiko sarraskian kiskaltzen ari zen dantzalekutik gazte batek bidalitako ahots-mezuaren berri zabaldu dute hedabideek. «Amatxo, maite zaitut. Hil egingo gara». Herioan edozeri heltzeko gai gara. Ez dakit nik zer egingo nukeen. Eta ez dakit mezua jaso zuen amari bihotza goxatu ala bihurritu egingo dion gerora mezua jaso izanak. Aukera-aukeran nahiago nuke parkingetan agurtzen segi. Astelehenera arte. Hurrengo saiora arte. Irailera arte. Bartzelonatik itzuli arte... Oroiminak, oroimin izatekotan, libre behar du.

HITZ ETZANAK
Adiorik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak