andoni egana

Agurrerak

2025eko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Auskalo zer zela eta, XVIII. mendearen erdi aldera, ohitura bat nagusitzen hasi zen Frantziako goi mailako burges eta aristokraten artean. Euren bilera eta festa pribatuetatik agurrik egin gabe alde egin behar zuten parte hartzaileek. Gaizki ikusia zegoen agur esatea, eta, aldiz, estimatzen zen deus adierazi gabe alde egiten zuenaren jarrera. «Agur frantsesa» deitzen zaio ordutik, nahiz eta frantziarrek «agur ingelesa» deitzen dioten, egun jokabide horretaz inor ez dela harrotzen argi utziz.

Jokaera horren ifrentzuan, amaierarik gabeko agurrak dauzkagu. Ezaguna da «zirku txar batek baino gehiagotan esaten du agur» esaera, zirku txarrak, emanaldi laburra eta ikusgaiak urri, denbora luzatu egin behar izaten baitu, eta ez baita agurrak bezalakorik horretarako: «Mila esker. Pozik egon gara. Itzuliko gara datorren urtean. Mila esker berriz ere, bihotz-bihotzez. Ondo bidean, hurrengo urtean hemen izango gaituzue...».

Txukunurruti deitzen zidaten umetan, dena presaren presaz, zertzeladak arrotz, egiten omen nuelako. Oso gerora irakurri nuen dotoretasuna zertan datzan: leku batera iritsi eta inor ez jabetzea zure presentziaz; aldiz, alde egin, eta zure absentziaz denak konturatzea. Ez dut hain goian jarri nahi langarik. Beti izango naiz txukunurruti samarra. Azken zortzi urtean tarteka irribarretxo bat ostu badizuet, aski dut.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.