andoni egana

Aldaketa

2023ko abenduaren 29a
05:00
Entzun

Kafe baten aitzinean, segituan ekin zion erretolikari. «Txorrotx-txorrotx jarriz gero, Hator, hator! bera ere aldatu egin behar genikek. Aginduzkoegia iruditzen zaidak egun hauetarako. Gonbita duk dagokiona. Eta mutil zer esanik ez. Zergatik izan behar dik mutila kanpoan dabilena eta ez neska? Etxera ere aldatuta, hobe. Etxea ez duk gauza bera batentzat eta bestearentzat. Eta familia ereduak ere askotarikoak dituk gaur egun. Eta gaztaina ximelak ere aldatu egin beharko genikek. Danbolinean erretakoak dituk, eta danbolinak zenbat ke eta emisio kutsagarri eragiten duen inozoenak ere bazekik...».

Eten egin nion jarioa, kantua goitik behera alda zezan baino lehen. Esan nion, hain txorrotx jartzera, den-dena litzatekeela aldagai. Baina Gasteizen egin zutena ez zela huskeria, funtsezko kontu bat baizik. Olentzerorekin batera, Horra, horra kantuan, «aditu duenean negua heldu dela» kantatu zutela gasteiztarrek, «Jesus jaio dela» kantatu ordez. «Ez haiz, ba, bere kexua azaldu duen Gasteizko Elizbarrutiaren alde egongo?», galdetu nion zirikatzaile.

Ezetz berak. «Badakik barrutia dela euskaraz dugun hitzik baztertzaileenetakoa? Barrutiak barruko eta kanpoko bereizten ditik. Ardi taldeko eta ardi galdu. Nola egongo nauk ba, Elizbarrutiaren alde?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.