andoni egana

Algara?

2025eko otsailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsaileko azken astelehenean zer egin nuen errepasatzen saiatu naiz biharamunean. Deus berezirik ez. Esnatu; egunkariak irakurri; idatzi; Donostiara joan trenez bilera batera; itzuli; bazkaldu; tabernara jaitsi kafe bat hartzera; telefonoz hitz egin egunean zehar hiru-lau lagunekin; gurasoenera joan; afaldu; Interneten ibili; telebista ikusi… Ezer ez nabarmentzekorik. Egun arrunta. Ez lanpetuegia eta ez lasaiegia. Ez alaiegia eta ez tristea. 

Xehe errepasatu ditut asteleheneko nire orduak. Eta ez dut gogoan barre algara bakar bat egin izana. Orduan, zergatik ageri da Emmanuel Macron Etxe Zurian, Donald Trumpen ondoan, hari ukabila joz, barre algara betean? Ze ateraldi egin zion presidente laranjak? Txiste bat kontatu zion, argazkia ateratzeko unean hain juxtu ere? Aztertu behar zituzten gaiak ez ziren umorerako egokienak. Eta halere… barre algara Macronek. Eta Trump eserita ere betitentearen aldean, gorputz jarrera makurtua.

Nire astelehena ez zen Macronena baino tristeagoa izango. Baina niri inork ez zidan barre algararik eragin. Gogogabetu ordez indartu egiten nau horrek. Bizimodurako egin nuen hautua ez zen hain txarra izan. Nagusirik ez izatean ez daukat barre algararik itxuratu beharrik. Ez da gutxi. Badira presidenteak ere, osasunarentzat oso txarra behar duen ariketa hori egitera behartuak sentitzen direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!