andoni egana

Ariketa

2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Hurrengo hamar egunetan egin daitekeen ariketa. Erlojuari begiratu, ze ordu den ikusi, eta Korrikaren ibilbideari begiratu hurrena. Ordu horretan Korrikak non behar duen zehaztu, eta irudikatu une horretako Korrikaren ibilia. Hau idazten ari naizen unean ostirala da, goizeko zortziak eta hogeita bi. Korrikak Donaixtira iristen behar luke.

Hasi naiz ariketa egiten. Itxi ditut begiak, eta ez dut lortzen Korrika Donaixtira sartzen irudikatzerik. Iparraldeko beste herri batzuetako etxeak, kanpandorreak, plazak eta frontoiak nahasten dizkiot koadroari. Senperekoak, Baigorrikoak, Sarakoak... izan daitezke sortzen zaizkidan herri sarrerako irudiak. Donaixtikorik zehazki, ez datorkit. Eman behar lidake zer pentsatua nire ezagutzaren urriak. Ez naiz bakarra izango...

Wikipediara jo dut Donaixtira sartzen lagunduko didan irudiren baten bila. Eta han aurkitu dut, sarritan gertatzen den bezala, bilatu gabea. Kontxo! Jimmy Arrabit da donaixtiarra! Itoizekin lotu izan dut beti bateria-jotzailea. Irudien faltan, kantu bat hasi zait garunean korapilatzen. «Hauxe da egun motela. Aspertuko naiz, beti histori berdinaz». Etsi egin dut ariketarekin. Deus ez dator bat. Ez da gaurkoa egun motela. Beti histori berdina, izan daiteke. Baina ez gara aspertuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.