andoni egana

Arnasa

2025eko uztailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez zenuen sumatu iristen, eta sarritan bezala, ingurukoari egotzi diozu errua. Eguraldiaren gorabehera handiegiak; aire egokitua han eta hemen; leihoa irekita lo egin beharra... Iritsi da tarteka bisita egiten dizun lagun amorragarria: katarroa. Ez zaitu ezertarako baliogabetzen, baina denerako ezartzen dizu gainkarga. Mihia espartzu sumatu duzu esnaeran. Badakizu zergatik den. Arnasa sudur zuloetatik hartu ordez, ahotik hartzen aritu zarelako. Motel ekin diozu egunkariak irakurtzeari gaur...

Eta berripaper honen titular nagusiarekin egin duzu topo: «Hamar urte barruko argazkia: euskaldun gehienak ingurune oso erdaldunean, eta ia arnasgunerik ez». Ohikoaz gain erasan dizu arnas faltarenak. Dexente ibiltzen zara han eta hemen, eta sumatzen zenuen norabidea. Baina orain, UEMAren enkarguz Siadecok egindako lan batek zurkaiztu du zure susmo hura. Ez naiz «Elorrio daukagu!»-ka jardun zalea, baina egoera, hizkuntzari dagokionez, larria da.

Hartuko ditut hauts batzuk, eta nirea bi egunean sendatuko da. Sudur zuloetako jarioa etengo da, hasiko naiz behar bezala arnasa hartzen eta leunduko zait mihia. Euskararen kasuan, ordea, ez da hauts magikorik. Jarioa, eten ordez bixitu egin behar da, eta mihia, leundu ordez zorroztu. Eta horretarako bide bakarra politika irudimentsu eta ausartak dira. Ezin dugu beti katarropean bizitzera ohitu...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.