andoni egana

Aroak

2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Duela 37 urte Gasteizen. Udal haurtzaindegietako haurtzainik gehienek ez zekiten euskaraz, eta udalak erabaki zuen hogeiren bat «liberatzea» pare bat urteren buruan euskaraz jarduteko gai izan zitezen. Hasi ziren egun osoz eskolak hartzen. Bazihoazen aurrera. Baina denok ez gara berdin-berdinak eta ikasle pare bat atzera geratzen ari zen taldetik. Udalaren euskara zerbitzuan norbaiti ideia otu zitzaion bi pertsona horiek taldearen pare jar zitezen. Gauero familia euskaldun baten etxera bidaliko genituen afaltzera. Ez dakit zenbat gau zehazki. Berrogeiko plana egingo genuen, baina berrogei familia aurkitzea ez zen erraza izango. Nolanahi ere, boluntarioak topatu genituen inguruko euskaldunen artean. «Haurtzain bat bidaliko dizuegu afaltzera. Egin, beti bezala, euskaraz. Eta behartu bera ere euskaraz egitera». Mintzalagunaren aurrendari, pizzalaguna.

Ia berrogei urteren buruan, inor ba al legoke prest lanorduetatik kanpo horrelako trantzerik pasatzeko? Zer liokete sindikatuek? Zer udalak berak? Zer epaileek? Zer hedabideren batzuk?

Euskaraz gehiago eta errazago ikasteko Aroa plan estrategikoa aurkeztu duten honetan, etengabeko ahaleginean zerbait behintzat ikasi dugula etorri zait gogora: erraza ez dela sekula izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.