andoni egana

Arragoa

2023ko abenduaren 16a
05:00
Entzun

«Nafarroa, arragoa, argiaren pausaleku...; Nafarroa, arragoa, sua eta ura, kondaira urratu baten oihartzun oihukatua...; Nafarroa, arragoa, mahats eta gari, maitasun eta gorroto...». Asko izango gara arragoa hitzaren esanahiaz Xabier Leteren kantuari esker jabetu ginenak. Guretzat, arragoa beti joango da Nafarroari atxikia.

Pentsatzekoa zen bezala, ez du ongi hartu UPNk Iruñeko alkatetza galdu izana. Eta irainera jo du. Alderdiko presidenteak, Javier Esparzak, «escoria» deitu dio sozialisten zuzendaritzari. Gazteleraz, jakina. Eta gehienoi krakatekoa eragin digu belarrietan, hitz trinkoa baita, gogorra, larra bezain lakarra. Euskaraz aritu nahi izan balu, zailtasunak izango zituzkeen esanindar bera lortzeko, guk hiztegiaren azken-azken aldera baino ez baitugu escoria-ren ordezko hitzik: zaborra, zarama, zepa, zirtzilak...

Gainera, Esparzak ez du jakingo zepa, zirtzilak edo direnak direlako horiek arragoan sortzen direnik. Ez berez, lan eginda baizik. Izarren hauts izateari utzi genion unetik inguru latz bat menperatzeko premia baitugu, atsedenik hartu gabe, gure aukerak sortzeko aurrera eginez. Arragoa da Nafarroa. Eta niretzat, arragoetako lanak eragindako burdin-zirtzil tontorrek paisaiarik ez dute itsusten, edertu baino. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.