andoni egana

Arreta

2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak esandako hitzak zekartzan atzo berripaper honek: «Gakoa ez da funtzio publikora sartzeko euskaraz jakin behar izatea, baizik eta euskarazko arreta bermatzea». 

Denbora luze samarra eman dut esaldi horretako gako-hitza zein den asmatu nahian. Eta iruditzen zait giltzarria «arreta» hitzak gordetzen duela bere baitan. Zer da «arreta bermatzea»? Beldur naiz, zenbaitentzat, «arreta bermatzea» dela eraikin baten sarrerakoak, harrerakoak, kanpo-deiak telefonoan hartzen dituenak… euskaraz jakitea. Herritarren eskubide hori bermatuz gero lasai geratuko da horrela pentsatzen duena. Behin barrura igarota bileretako hizkuntza, langileen artekoa, langileek bisitariarekin erabiltzen dutena… gaztelera bada, bost axola. Zure hizkuntza-eskubideak bermatu dituzte. 

Eskertzen da kaixo-ongietorri-bigarren solairuan-eskerrik asko-a. Baina ez da aski. Nazkatua nago erakunderen baten egoitzara joan,  sarrerakoarekin bi hitz euskaraz egin, eta barruan gaztelera entzuteaz. Eta zenbat eta gazteago bertako langileak, orduan eta gaztelerara emanagoak sumatzen ditut. Kanpolarroxakeria hutsa da bermearena. Nik ez dut arreta berma diezadaten nahi. Nahiago dut arreta jarri. Belarriak. Eta entzuten dudanak ez du etorkizunerako deus bermatzen. Gakoa, beraz, ez dago Etxanobe andereak zioen lekuan…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.