andoni egana

Autoan

2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Gure amak, gidabaimena atera berritan, Bilbora egin omen zuen lehen bidaia, izeba batek medikuarekin hitzordua zuelako Bilboko erdigunean. Iritsi omen ziren. Topatu omen zuten medikuaren kontsultaren ezkaratza. Baina amak ez zeukan aski konfiantzarik aparkatzen saiatzeko. «Eta zer egin zenuten?», galdetu izan diogu askotan, erantzuna jakin arren. Izeba ezkaratzean utzi, eta etxeari bueltaka ibili harik eta irten zen arte!

Bazetorrela bagenekien, baina ez dakit inoiz iristerik espero genuen. Orain, zehaztu dituzte, data eta esparrua. Bilboko erdigunea Emisio Gutxiko Eremu bihurtuko da, eta ekainaren hamabostetik aurrera gehien kutsatzen duten ibilgailuei sarrera galaraziko zaie. Eta niri —ingurugiroarekiko neurrian kezkatua eta autoarekiko erabat ezaxola— oraintxe piztu zait alarma-argia. Ez dakit nire autoa B den, C den, edo zer den! Ez dakit etiketa urdinik, berderik, horirik... baduen. Ingurugiroaren zaintza ez da txantxa eta zintzo egokitu beharko gatzaizkio datorrenari.

Baina kamerenak ezinegona sortzen dit. Sarbide guztietan jarriko dituzte ibilgailuen plakak kontrolatzeko. Eta nik kamerak duela mende erdi nahi nituen han, amaren abenturaren lekuko izateko. Murrizketetara ohitzen ari gara eta irribarrea ahanzten ari zaigu...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.