andoni egana

Azeria

2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dakit egia den. Ezin du izan. Eta, aldi berean, izan daiteke. Irrati nahiz telebista hitz-aspertuetan bat baino gehiagori entzun diot.

Ultraeskuina zeinen haixetua dabilen ikusita, Carles Puigdemontentzat bizkartzain zerbitzua eskatu omen dute. Erraza bailitzateke edozein garungabeturentzat Belgikara joan, itxaronaldi bat egin, eta gatiluari eragitea. Aipatzen duten hori hala balitz, paradoxa begi bistakoa litzateke. Ihesera derrigortu duen Estatu berak eman behar lioke babesa iheslariari. Ultrentzat erabat gaitzesgarria. Beste zenbaitentzat arriskua galanta. Estatu espainiarraren aurrekariak aintzat hartuta, azeria oilategian sartzea. Ez nintzateke gehiegi fidatuko balizko zerbitzu horretarako boluntario aurkezten den poliziaz...

Era hortako paradoxak ez dira, ordea, berriak. Duela bi mende pasa ere ematen ziren. Felix María de Samaniego fabulagile ezagunak bertso erotikoak ere idatzi zituen: El jardín de Venus. Garai hartako inkisizioak ez zion barkatu. Baina Samaniego ez zen edonor. Azkoitiko caballerito haietakoa zen, eta, gainera, Peñaflorida Kondearen iloba. Kartzelan sartzea gehitxo iritzita, Portugaleteko monja konbentu batean konfinatu zuten. Azeria oilategian. Zelda bat ixtea aski, irudimenari ateak irekitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.