Ondo zeuden han. Baina zerbaiten falta sumatzen zuten. Aspaldian ari ziren prestatzen. Eguraldi ona probestuz, arratsaldetako irtenaldi laburretan prestatu zuten prestatu beharrekoa. Semearen etxera joan zen bat, bisitatxo baten aitzakian, eta han zeukatela bazekien eskopeta inor konturatu gabe ateratzeko modua egin zuen. Bestearena errazagoa zen. Mendi aldera baina herritik gertu, txabola moduko batean zeukan eskopeta, eta hara joan, armari herdoila kendu, olio pixka bat eman eta perdigoi kaxak aurkitzearekin aski izan zuen. Eguna heldu zenean, goizean goiz esnatu, eta isilka kanporako bidea hartu zuten, emozioz beterik. Ez zuten sumatu ere egiten handik bi egunera albisteetan aipatuko zituztenetik…
«Aurkitu dituzte asteartean Usarango zahar-etxetik ihes egin zuten bi agureak. Mendian galduta zebiltzan, baina onik daude. Txori batzuk botatzeko gutizia sortu zitzaiela eta horregatik irten zirela adierazi dute».
Fake bat da, jakina, neuk sortua. Harridura handia eragin dit Gipuzkoan arma lizentzia zenbat lagunek eta ze adin tartetakoek daukaten jakiteak. Ia 26.000 lagunek dute arma bat izateko baimena. Eta horietatik ia erdiek, 60 urtetik gora dauzkate. Laurogeitik gorako baimen jabeak badira 1.001 (ehizan gauez hastea bakarrik falta zaie). Eta laurogeita hamarretik gorakoak 49 dira. Miresgarria zait; arriskutsua da.