andoni egana

Bakarrik

2024ko abenduaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berri bera, baina azaltzeko modu bi. Gure egunkari honek hala zekarren lehen orrialdean: «EAEn, lehen aldiz, gehiago dira bakarrik bizi direnak, seme-alabekin bizi direnak baino». Beste idatzizko hedabide batean honako hau zen azalpena: «Bakardadeak gora egin du Euskadin».

Alde handia dago batera esan, edo bestera. Euskadiko Familien eta Etxeen inkestatik ateratako datuak dira, herenegun Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikorako sailburuak aurkeztuak. Lehen esamodua neutroa da, inkestaren ondorio nagusia ekartzen du titularrera; bigarrena, propio bihurritua. Bakardadeak gora egin du Erkidegoan? Inkesta batek nekez isla dezake hori…

Baina Eguberri sasoian gaude. Eta edozerk balio du gupida, errukia edo dena delakoa pizteko bada. Bakarrik bizi den batek baino gehiagok nozituko du bakardadea. Beste askok ez. Eta aldi berean, seme-alabaz edo senidez inguraturiko asko sentituko da bakarrik. Bakarrik bizi izatea eta bakardadea parean jartzen dituena estigma bat eransten ari zaio bakarrik bizi denari. Balirudike gizajoak/gajoak ez duela beste heldulekurik aurkitu ahal izan. Kantu asko ikasi genuen umetan Imanol Urbietarekin. Niretzat kuttunena zenak hala zioen: «Bakarrik eta libre badoa, bakarrik eta libre gaztea, poltsikoan eskuak, oinak arrastaka… luzea da bidea!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.