andoni egana

Begirada

2025eko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Antonio Valverde Ayalde margolariari Xenpelarren koadro bat egiteko eskatu zioten 1969. urtean, eta arazo batekin egin zuen topo. Ehun urte baziren Xenpelar zendu zela, eta ez zen haren argazkirik. Igande goiz batez, mezetan, ondoan egokitu zitzaion oiartzuarrari begira-begira geratu zitzaion. Aitaren batean hartu zuen erabakia. Gizon hura, Antonio Lekuona Matxio, izango zen bere Xenpelar, ongi betetzen baitzituen hari buruz genekizkien ezaugarri fisiko apurrak. Eta hala ezagutu dugu joan den mende erdi luze honetan. Guretzat Xenpelar zena, Matxio zen zinez. Eta ez da inongo arazorik sortu. Gehienera ere, barre-murritxa sortzen digu pasadizoaren berri izan eta fake modukoak lehen ere bazirela jabetzeak. 

Oso bestelakoa izan da egunotan Sevillan gertatu dena. Han, Macarena Ama Birjinaren irudia berritu egin dute, behialako distira galdua baitzuen, kandelen keak eta kale-irteerek maiztua. Berritu badute berritu, Ama Birjinaren jarraitzaileak haserre agertu dira. Oso haserre. Hura ez dela lehengo Macarena. Zurbilagoa dela oraingoa. Ez duela aurpegiera bera. Eta, batik bat, Ama Birjinari begirada aldatu egin diotela.

Fede itsua ez da lagun ona deus ongi ikusteko. Akaso, Ama Birjina horren jarraitzaileak dira begirada aldatu behar dutenak. Nik lehengo miresmen beraz begiratzen diot Xenpelarri, Matxio dela jakinda ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.