Askotan gidatu izan du abiadura handiegian eta ez zaio deus gertatu sekula. Gainera, badaki non dauden radarrak eta nontsu kontrolak. Gaur ere abidura handiegian gidatuko du lasai asko; askotan iritsi da berandu lanera, baina jefearen lagun mina da eta ez diote inoiz kargurik hartu. Gaur ere berandu iritsiko da. Beti erre izan du hondartzan eta ez diote inongo isunik jarri. Gainera, bera han lehenagokoa da orain heltzen diren kanpotar horiek baino, eta ezagutzen ditu udaltzainak. Hondartzan erretzen segiko du.
Botere zati txiki-txiki bat aski dugu pertsonok, inpune senti gaitezen. Sailetik at. Besteen gainetik. Eta ez nuke jakingo inpunitatea zehazki definitzen. Ez dakit den zigorrik eza, edo zigorrei beldurrik eza, baina badakit guztiok sentitu izan garela inpune egoera eta ingururen batean edo bestean.
Rafaela Romero, PSEko diputatuak, hala adierazi du: «PSOEko feministak hauts eginda utzi gaitu Koldoren grabazioekin bizi behar izateak». Sinesten diot. Higuina sortzen du lapurretarako joera hori sumatzeak; nazka, emakumeak nola tratatzen dituzten jakiteak. Baina batik bat, kezkagarriena horrelakoak esan/egiteko pertsona horiek euren burua non kokatzen zuten konturatzean dator. Beldurretik urrun, oso urrun. Eta beldurra, ospe onegirik ez izan arren, zentzuna behar bezala ez dabilenean, ez da lagun txarra.