Berde argia gustuko kolorea dut. Horira baino gehiago urdinera jo dezakeen berde argi hori. Ez nekien zergatik. Behin konturatu nintzen arte umetan ordu asko eman nuela berde argi bati begira. Xabiertxo liburuaren azaleko berde argi hartara… Ordutik itsatsiko zitzaidan kolore harekiko nahia.
Lazkao Txiki urtebete gazteagoa zen Xabiertxo baino. Garai haiexek egokitu zitzaizkion —Errepublikaren urteak—, eta niri ilusioa egin zidan Joxe Mielek bere umezaroan euskaraz ikasteko parada izan zuela eta bere liburuetariko bat Xabiertxo izan zela jakiteak. Bi belaunaldi lotzen gintuen Xabiertxo-k. Tartean… gau ilun eta luzea. Eta gau haren jakitun, ez nuen pentsatzen gu baino lehenagoko inork matrioxka moduko hura bere eskuetan izan zezakeenik. Izan baziren, ordea. Katebegi sentitu nintzen, eta katemutur izatea baino hobea zen hori. Joxe Miel irudikatzen nuen, ni bezala, urtaroetako marrazkiei begira; edo Iturriagaren fabula zortziko handiko haiek irakurtzen…
Xabiertxo-k ehun urte bete dituen honetan, gogoan dut, haurtzaroaz ari ginela, nola irten zen Xabiertxo-ren gaia. Nik berde argia gustuko nuela esan nion, «zuk ere bai?» erantsiz. Ezetz erantzun zidan Joxe Mielek. Daltonikoa edo zela. «Badakik nola jabetu nintzen? Marrubi bila joanda. Lagunek eskukadak biltzen zizkiaten. Eta nik bakar bat ere ez».