andoni egana

Berezkoa

2025eko ekainaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela ia berrogei urte, Bertsozale Elkartea sortu berritan, bizi balitz orain ehunen bat urte beharko zituzkeen bertsolari bat elkarteko bazkide egitera joan zen egoitzara. Artean eskuz betetzen zen fitxa osatzen hasi zen elkarteko langilea. Izena? Halako. Deiturak? Halako eta halako. Jaioterria? Halako. Deus ez berezirik azken galdera heldu zen arte. Ikasketak? Haserretu egin zen bertsolaria galdera entzutean. Duda soila zen irain beretzat. «Batere ez! Nik ikasketarik batere ez. Dena berezkoa. Dena!», erantzun zuen. 

Gazteagoei grazia egin zigun ateraldiak. Bertsoen arloan behintzat, ikasia izateak txarretik gehiago zuen onetik baino herritar askoren pentsaeran. Garai haiek joan ziren, eta orain ez luke zentzu handiegirik izango sormen jardun baten inguruko fitxa betetzean ikasketei buruz galdetzeak… 

Berripaper honek herenegun aurkeztu zuen adimen artifiziala noiz eta nola erabiliko duen arautzeko dekalogoa. Bejondeiela hain azti ibili diren lankide horiei! Beharra sumatzen hasiak geunden seinale da euren lana. Nik, duela bi belaunaldi izan zen elkarrizketa hura gogoan, kazetarigai baten lanerako sarrera elkarrizketa irudikatu dut. Izena, deiturak, jaioterria… Ikasketak? Kazetaritza halako unibertsitatetan eta bi master. Azken galdera: «Ze harreman duzu adimen artifizialarekin?». «Txikia… Ia dena berezkoa dut nik!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.