Andoni Egaña.
HITZ ETZANAK

Bertan ikusia

2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Asteburu honetan ikusi dut lehen aldiz. Antton Olariaga edo Unai Iturriaga izan nahiko nukeen une hartan, bazuelako ikusiak umore grafikotik asko. Nire kontalari senaz askietsi beharko duzue. Atzealdetik ikusi nituen. Bikote bat, aita eta ama segur aski. Bien artean zeramaten ume-karroa gider banari helduta. Amak ezkerreko eskuaz eusten zion eta aitak eskuinekoaz. Pauso geldoan zihoazen, pasieran. Amak libre zeukan eskuan sakelakoa zeraman aurpegiaren pare-parean, hari begira ari zen eta. Aitak libre zeukanarekin gauza bera. Koreografia bat ia...

Hurrengo binetan, gai banintz, aurrealdetik begiratura marraztuko nukeen koadro bera. Ume bat, urte eta erdikoa edo, orgatxoaren aulkian eserita, bi eskuez sakelakoa hartu eta musuaren parean duela. Alde banatan, aita eta ama, aurpegiak doi-doi ikusten zaizkiela.

Eta hirugarrenean, erreportari bat, mikrofonoa hartuta, bi helduei galderak eginez. «Ez gara damutu oporretarako leku hau aukeratu izanaz. Paraje zoragarriak dira, eta jendea oso atsegina», bota du aitak. Amak, «irtenaldi honek gure harremanak sendotzeko balio izan du, eguneroko bizitzan elkarrengandik oso aparte ibili behar izaten dugu eta». «Pintxoak probatu al dituzue?», galdetu die kazetariak, irudimen ariketa latza eginez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.