andoni egana

Bi norabidetan

2024ko ekainaren 15a
05:00
Entzun

Esnatu orduko, bi albiste bi norabidetakoak, biak ere erakargarri. Nondik gatozen eta nora goazen.

Eneko Bernaldo de Quiros iruindarra zaletasunak eraginda hasi zen euskal abizenen jatorria ikertzen. 1601. urtea baino lehen euskal lurraldeetan agertzen ziren abizenak ditu ikergai, muga nonbait jarri behar eta. Orain, gaiari loturiko museo bat sortzeko lanetan dabil. Eginkizun horretan ziharduela jakitean, jendea bere abizenaren berri eman ziezaion eskatzen hasi zitzaion. «Geroz eta eskaera gehiago jasotzen ditut, bai Euskal Herritik, eta baita atzerritik ere». Hego Amerikatik asko, nonbait. Gutxi-gehiago nondik gatozen guztiok jakin nahi izaten dugu, baina arbasoak hamar kilometroren bueltan ditugunon jakin-mina baino ulergarriagoa zait kanpoan jaio, han bizi eta euskal zantzuak dituen abizendunaren jakin nahia.

Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo aurkeztu zuen 2024-2027 Plan Estrategikoa. Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitz batzuk iltzatuta geratu zitzaizkidan. Egun, Gipuzkoan jaiotzen diren umeetan hirutik batek ama atzerritarra omen du. Akaso, laurehun urte barruko euskaldun askok, Liman edo Kieven dagoen abizen museo batera deituko dute euren abizena nondik datorren jakiteko. Ez litzateke seinale txarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.