andoni egana
HITZ ETZANAK

Bi ordu

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zer ibili ote du buruan ia bi orduan? Zein hizkuntzatan hitz egin dio bere buruari animatzeko, kontrolatzeko, pattalaldietatik ihes egiteko, errieta egiteko tarteka...? Zein paisaia zetozkion gogora bere burua ibilbide betiberdin gogaikarritik egurastu nahi zuenean? Bere hiru umeak zituen gogoan? Emaztea? Bere herria? Zenbat pentsatu du lagunetan eta zenbat babesleetan?

Bi urte luzean, esnatu eta lehen lana zutabe hau idaztea izan dut. Gaur banituen lehenagokoak. Goizeko zortziak eta laurdenetik ia-ia bi orduan telebistari begira egon naiz. Ikusi egin nahi nuen nire begiz. Eta ikusi dut. Ez da entretenigarria izan, baina bai zirraragarria. Eliud Kipchogeren berrogeita bi kilometro pasatxoei begira, Samuel Eto'o futbolariaren esaldia zetorkidan gogora: «Beltzek bezala egingo dut korrika zuriak bezala bizi ahal izateko».

Urteak dira, asko, hogeitik gora, lagun kuadrillan gaia maiz samar ateratzen genuela: «Ezagutuko al dugu guk pertsona maratoia bi ordutik behera burutzen?». Erritmoak, ibilbideak, oinetakoak, elikadura... izaten ziren eztabaidan aipagai. Xehetasun horietan katigatuak, ez ginen konturatzen erantzuna askoz ere gordinagoa eta xinpleagoa zela, humanoagoa derrigor. Ezagutu? Batzuek bai eta besteek ez. Hori da bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.