andoni egana

Bide bi

2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Osakidetzak kargu hartu dio pediatra bati, hiltzear zen haur bat lanorduz kanpo artatzeagatik. Haurraren etxera joan zen, goizaldera, behin baino gehiagotan, bi erizainekin, psikologoarekin eta beste pediatra batekin. Hori da albistea, bere soilean. Hortik aurrerakoa bakoitzaren interpretazioaren esku geratzen da. Eta interpretazioek bide bat baino gehiago har dezakete…

«Erakundeek ez dute bihotzik!», pentsatuko du norbaitek. «Zer dabil Osakidetza hil hurren dagoen haur bati babesa ematera joandako profesionalei kargu hartzen? Maitasunak ez du ordutegirik! Zer egin behar zuen pediatrak, egin zuena ez bazen? Begi bistakoa da Osakidetzak hutsune larriak dituela. Faltan botatzen dugu izeneko plataforma bat ere sortu dute. Ez zuten sortuko premiarik izan ez balitz! Borondatea zigortzen duen gizarte bat usteldua dago».

Beste norbaitek kontrako norabidea hartuko du. «Zer zebilen pediatra hori, nabarmendu nahian? Bakoitzak sudurraren puntan jarritakoa egingo balu, ez legoke ez antolamendu eta ez ezer. Irtenaldi horiek ateraldi hutsa dira. Gainera, pediatrak berak eman du gertatuaren berri. Non eta Facebook-en! Ez naiz fio. Eta orain, gainera, baja hartu ez du ba! Orain bai zentzua duela Faltan botatzen dugu esamolde trakets horrek!». Bi bide albiste beraren aitzinean. Kontrajarriak biak. Zeuk aukeratu nondik jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.