andoni egana

Bigarrena

2025eko otsailaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Usurbilgo mutil bat hurbildu zitzaidan. «Ni ere hi bezala nauk, Makazaga», bota zidan. Ezustean harrapatu ninduen. Berriketaldi bat hasteko lehen deitura aipatzearena askok erabili izan du, baina bigarrenarekin ez zitzaidan inoiz gertatu.

Ez dut gogoan noiz erabaki zen aurkezpenetan bertsolarion bi lehen abizenak aipatzearena. Norbaitek izan zuen sena. Orain, Zugasti, Arandia, Antia edo Gonzalez esanez gero, badakigu zein bertsolariri lotu. Garai batean ez zen hala. Amaren deitura ostendu egiten zen. Ezagutza handia eta hurbilekoa behar du Retegi Txirritarekin, Uranga Imanol Lazkanorekin edo Esnal Joxe Agirrerekin lotzeko.

Usurbildarraren diosalaren ondotik berripaper hau irakurtzen ari nintzen. Martxel Rodrigez dantzari profesionalari egindako elkarrizketa. Lehenbiziko dantza eskolaz hala zioen: «Amak dantza klaseetara joateko erran zidan, eta lehenbiziko saiotik negarrez ailegatu nintzen etxera. Amari erran nion nik ez nuela hori nahi, baina hark erran zidan bigarren aukera bat emateko; ez nezala hain goiz amore eman. Bigarren egun batez joan nintzen, eta hementxe nago orain. Eskerrak, beraz, amari ere». Elkarrizketaren hasierara luzatu nituen begiak: Martxel Rodrigez (Lesaka, Nafarroa, 1990). Nik argitasun hori izan zuen amaren berri jakin nahi nuen zerbait, ez Lesaka Nafarroan dagoela berretsi!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!