andoni egana

Bihurgunean

2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Ezkaratzeko atearen azpiko zirrikitutik iristen zaizkit egunkariak goizean goiz. Han egoten dira, etzanda, gaua bertan eman izan balute bezala. Atzo, bila jaitsi nintzenean, urrutira ikusi nuen BERRIAren azala. Eta sustoa hartu nuen. Eraikintzar bat guztiz birrindua eta suak jana. «Valentzia guk ere?», pentsatu nuen. Ez. Kiev zen. Argazkiak bi urteko gerrak utzitako arrastoak ondo islatzen zituen. Lasaitu egin nintzen...

Ostegun iluntzetik hona, bonbardaketa, Valentziako irudiena izan da. Suak berez du erakarmena. Begira egongo ginateke suari orduetan eta orduetan, beste zereginik gabe. Valentziakoak, ordea, markak hautsi ditu. Zuzeneko irudiak. Suarenak, suhiltzaileenak; balkoian itolarrian zegoen bikotearenak; erreskatearenak… Pantaila handiago ala txikiagoetan irudirik ikusi ez duenik ez da izan. Realityrik errealena esku-eskura. Eta espantua. Eta pertzepzio bat, atzo herritar baten ahotsak laburbildua: «Valentzian inoiz gertatu den tragediarik handiena».

Giza-emakumeon bi ezaugarri bistarazi dizkigu Valentziako suteak. Morbozaleak gara oso. Eta memoria laburrekoak. Hamazazpi urte dira Metrovalenciako tren istripu hartan 43 lagun hil zirela. Baina han ez zen surik izan. Eta ez zen zuzenean. Bihurgunean izan zen…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.