Gizarte patriarkal batean heziak gara, eta horrek ondorio latzak ditu. Gizonezkoa beti gainetik jartzen da eta emakumea menpeko ikusten du; gizarte honen lehiakortasunak eta enpatiarik ezak buru-osasun arazo larriak sortzen ditu eta osasungintzaz arduratzen direnek ez diote behar adinako arretarik eskaini horri; erreala eta birtuala nahasten dituen gizarte honetan, arrisku handia dago bat non hasten den eta bestea non bukatzen ez bereizteko, eta pertsonajeak pertsonari gain har diezaioke…
Horrelako argudioak erabili ditu Iñigo Errejon politikariak bere kargugabetze diskurtsoan. Aldrebeskeria handiagorik! Bera erdigunean. Bera, gizarte patriarkalaren biktima. Bera, buru-osasun arazoak dituen artatu gabea. Bera pertsona eta bera pertsonajea. Bera. Salatu duten emakumeei buruzko hitzik ere ez. Ez haien mina, ez haien egonezina, ez haien…
Zuriketaren txepelak egin zuenari zama baino ez dio eransten. Barre egin genion Errege emerituaren haur damutuaren barkamen eske hari: «Sentitzen dut. Ez dut gehiago egingo». Errejonena okerragoa da. Diskurtsoan bai, nola edo hala, baina lehengoari eutsi dio. Koherentzia falta begi bistakoa da ordea, esaten zuena eta egiten zuenaren artean. Eta baliatuko dute, baliatuko dutenez, espainiar eskuindarrek. Ez al zen konturatzen logela bateko krisketa ixten ari zenean zer ari zen ixten?