Pandemia gainditu ostean, norbaiti, gogoeta eragiten zuen iritzia entzun nion. Larria izan zela, baina izan zuela ezaugarri bat larritasuna murriztu zuena. Edadeko jendea eraman zuela, gehienbat, hilobira. Arrazoiren batengatik edo bestearengatik, birusak zaharren ordez haurrei eraso egin izan balie, munduak ez zukeela adorerik izango egoerari buelta emateko. Jasanezina zatekeela, haurrak, bat bestearen atzetik, hiltzen ikustea.
Arrazoi punttu bat bazuela pentsatu nuen. Mediterraneo itsasoan zenbat milaka migratzaile ito den azken urteotan! Eta irudia, aurpegia, eta izena, bakarrari jarriko diogu. Segur aski, guztiok berari. Duela zortzi urte Turkiako hondartza batean ahuspez, niki gorri eta fraka bakeroz agertu zen hari. Aylani.
Orain, Europar Batasuna migratzailez lepo zetorren Adriana arrantzontziaren erreskatean izandako utzikeriak ikertzen hasi denean, datu lazgarri bat jakin ahal izan dugu. 700 lagun inguru zetozen hondoraturiko ontzian. 104 baino ez ziren bizirik irten. Horien artean ez zen emakumezkorik eta haurrik, bakar bat ere ez. Itsasontziaren sotoan sartzen dituzte nonbait. Eta ontzia hondoratzean, haiexek izaten dute irtenbiderik makurrena. Eta ez. Egoera honi ez diogu bueltarik emango. Bizkarra emanda aski dugu.
HITZ ETZANAK
Buelta eman
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu