andoni egana

Burokrazia

2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Tximetatik gora zegoen. Errea. Gainditua. Abaildua. Ez zen etsizalea baina oraingoan etsi egin beharko zuen. Ez zuen gehiago bere liburuari buruzko hitzaldirik emango, nahiz eskola eta erakundepeko leku askotatik deitzen zioten.

Emanaldia hitzartu ondoren aurrekontua egin eta bidaltzeko eskatzen zioten. Egin egiten zuen, eta bidali ere bai. Baina jakinarazpen bat heltzen zitzaion oker ari zela. Proba egiteko beste kode bat sartuta. Eta sartzen zuen. Eta halako batean, oso halako batean, onartzen zioten. Emanaldiarena erraz egiten zuen. Joan, berriketaldi bat egin, eta itzuli. Fakturarena besterik zen. Halako lekutara bidali behar zuen. Izenpe. Kodea. Ez, beste bat. Autonomo agiria. Gizarte segurantzan eguneratua zegoela frogatzen duena. Beste kode bat. Atzera. Aurrera. Halako batean, bukatzen zuen prozesua. Ordu gehiago ordenagailuaren aurrean, hitzaldia prestatzen, bidaiatzen eta hitzaldia ematen baino. 300 euro eskas kobratzeko!

Ana Pimenta Vaiven konpainiako antzerki zuzendariari irakurri zion atzo, azken emanaldia jokatu bezperatan: «Izugarria da zenbat burokrazia lan egin behar dugun. Ez badira lanak errazten, inork ez du konpainiarik sortu nahiko». Arrazoi du. Diru publikoa kontrolpean egotearen aldekoa da bera ere. Baina sormen lana formen lanak irensten badu, herri honi zerbait faltako zaio...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.