andoni egana

Data kontua

2025eko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Duela hirurogeita hiru urte gertatu zen, gaurko egunez. Joan XXIII.a aita santua azkarra zen. Eta erabaki zuen Eliza berritzen hasita, beste urrats bat egin beharra zeukala. Santu maila eman zion Martin de Porres perutar fraide dominikoari.

Ia laurehun urte lehenago jaioa, Frai Martinek eginak zituen nonbait santu izateko adina meritu. Burgosko noble baten eta Panaman sortu eta Liman bizi zen emakume xehe baten seme zen. Sasiko samarra —sasikotzak samartasunik onartzen badu—, maila sozial desberdinetakoak izaki, gurasoak ezin izan ziren elkarrekin bizi. Fraide sartu zen mutikoa. Eta sekulakoak egin omen zituen. Aldi berean leku bat baino gehiagotan ikusi izan zuten; mirariak egiten zituen bere eskuz gaixorik zeudenak bat-batean osatuz; umila zen jarreran, apala janzkeran, begetarianoa janeran. Esanekoa oso, edozein lani heltzeko prest beti, horrexegatik erratza eskuetan duela ezagutu izan dugu haren irudia.

Tankera horretakoak gehiago ere izango ziren. Joan XXIII.ak bazuen, ordea, sena. Sakoneneko aldaketak ere azaletik hasten direla sinetsita eman zion santutasuna Frai Martin de Porresi. Bera izan zen beltz-beltza ez bazen ere lehen santu mulatoa. Amerika osoan izan zuen eragina izendapenak. Gaur da hastekoa aita santu berria hautatzeko konklabea. Datak bat datoz. Ate joka ote dator lehen aita santu beltza?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.