andoni egana

Delituak

2025eko ekainaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gero eta delitu gehiago egiten dela, eta Pradales Lehendakariak Ziurtasunaz arduratuko den Mahai baten osaketa iragarri du datorren astelehenerako. Hots, biharko. Zenbait konturi heltzeko garaian itzuringuruka ibil daitezke baina afera honetan ez da horrelakorik… «Delitu» hitzak argi gorriak pitzarazten ditu. 

Giroa gaiztotua dago, herritar asko kexu da, eta zurrumurruek egonezina areagotu baino ez dute egiten. Birritan entzun diot Lehendakariari, gazteleraz, «egiten duenak ordaindu egin behar du» esaldia, zenbaitentzat lasaigarri bezain kezkagarri beste batzuentzat. Askatasunaren eta Ziurtasunaren arteko oreka zinez ezinezko horretan balantzak nora joko duen argi utzi du. Delituari zigorrak darraio derrigor. Ziurtasunetik Askatasunerako errepidea beti egon da itxia; Askatasunetik Ziurtasunerakoa zuloz eta koskaz betea dago baina han pasa daitekeelakoan nago ni. Gure garaiko gurasoek bazekiten hori, zerbaitetarako baimena eskatu eta ezezko borobila eman ordez, «heuk ikusi...» erantzuten zigutenean. Errazago etsiko genuen galarazita baino aukera gure eskuetan jarrita. 

Nire kontu hauetan sinesmen handirik ez duen lagun bat badut. Lainoetan bizi naizela esaten dit beti, etortzeko lurrera. «Hire etxean lapurrak sartu, eta telefono deia egiten baduk, laguntzera datorren ertzaina lagun bihurtuko zaik, eta zipaioa ertzain». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.