andoni egana

Deskonektatu

2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

«Baratzea edukitzea eta oporretara joatea bateragarria da?», galdetu zion Urko Iridoy Alzelaik Furgobaratzako kide den Aitziber Otegiri atzo berripaper honek argitaratu zuen elkarrizketan. Baietz erantzun zion, baina baratzera itzultzean ezustekoren bat izan zezakeela, norbaiti gutxieneko arduraren batzuk utzi beharko lizkiokeela, lagunen bati edo bizilagunen bati edo...

Demagun aste honetan kanpoan naizela. Demagun, Habanan; edo Lanzaroten. Demagun, Babian. Demagun, errutina urratu beharrak arras harrapatu nauela; demagun, itoa sentitzen nintzela betikoa eta betiko lekutik eginez; demagun, sentsazio berriak ezagutzearen mantra horrek liluratu nauela; demagun, behingoz, bidaiatzearen onuren arrazoi zaharra aintzat hartu dudala. Demagun, aitortu diodala neure buruari «deskonektatzeko» premia.

Egun gutxi dira. Baina itzuleran baratzea nola aurkituko dudan beldur naiz. Eta nire baratzeak ez du lagunik edo bizilagunik onartzen. Kezkaturik egin dut haranzko bidaia. Habana dagoen bezala dago. Lanzarote azken batean irla bat da. Eta Babia joandako mende batean izozturiko parajea. Iritsi, eta larri igaro ditut lehen orduak, nire baratzea zaintzea ahalbidetuko didan konexio segururen baten bila. Horri deitzen diogu «deskonektatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.