Kubatar inprobisatzaileak ezagutu genituen lehen aldi hartan, mordoxka ziren, sei-zortzi, baina den-denak, gizonezkoak. Emakume bakarra zebilen haien taldean, Eloina, emakume edadetua ordurako, Indio Naborí kubatar inprobisatzailerik ospetsuenaren emaztea. Naborí ere adinean oso aurrera, ia erabat itsutua zegoen, eta Eloinak egiten zion itsuaurreko.
Handik urte gutxira ezagutu genuen Tomasita Quiala. Naborí baino belaunaldi bat gazteagoa, emakumea, eta jaiotzatik itsua. Txunditu egin gintuen emakume haren indarrak eta ahalmenak. Ez dakit inoiz halako gaitasunik zuen inprobisatzailerik entzun genuen artean! Aste honetan zendu da Tomasita, Habanan. Berria jakitean, hasierako penari laster hartu zion harridurak gaina. Miguel Díaz-Canel Kubako Presidenteak, bere X kontuan Tomasitaren heriotza dela eta, dolumina azaldu du. Emakume ahaldundu eta inprobisatzaile bikaintzat geneukan, baina nik, behintzat, ez nuen sumatzen bere herrialdean hainbesteko itzalik izan zezakeenik.
Egun berean zendu zen Mixel Itzaina aldudarra. Hark ere izan du bere pisua euskal kulturgintzan eta bertsolaritzan. Irudikatzen duzue Emmanuel Macron Mixelen heriotza dela-eta bere dolumina azalduz? «Ezta premiarik ere!», pentsatuko du batek baino gehiagok. Egia. Baina herrialde batean eta bestean kulturari ematen zaion garrantziaren froga izan daiteke…