andoni egana

Egunak

2024ko martxoaren 27a
05:00
Entzun

Ehun eta hirurogeita bederatzi egun. Denetarik gertatzen da 169 egunean.

Erietxean zegoena kalean dabil eta kalean zebilena erietxean dago; inoiz probatuko ez zenuela uste zenuen kirol hura probatu zenuen eta orain astean hiru-lau aldiz praktikatzen duzu; Pradales ezagutzen ez zuenak ezagutzen du orain eta Otxandianoren berririk ez zuenak, orain badu; duela 169 egun, inprimategira sartzeke zegoen Durangon erosi eta birritan irakurri duzun liburu eder hori; hazi-minak zituen gaztetxoa hamabost zentimetro luzatu da 169 egunen buruan; hiru hileta-elizkizun pilatu zaizkizu epe horretan; nerabe zoldartsuaren itxura galdu dute etxeko hormek gotelea kentzea erabaki zenuelako; duela 169 egun epelegia zela eta Ernesto Valverdez mingots mintzo zena bero-bero eginda dago orain Sevillara joateko; lagun zahar bat galdu duzu eta bi berri inguratu zaizkizu; lankide bati ez zioten kontratua berritu eta estu sumatu duzu zure burua harik eta zurea berritu duten arte... Bere txiki-handi eta arin-larriekin, mundua badabil. Baina ez toki guztietan berdin.

Denetarik gertatzen da 169 egunean. Are gehiago iazko urriaren zazpi hartatik atzo artekoetan. 169 egun behar izan ditu NBEren Segurtasun Kontseiluak Gazarako su etena eskatzeko. Zeri begira egon dira bitartean?
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.