Harrotasun inozoa irudiko zaio bati baino gehiagori, baina aitortzeko ez dut lotsarik. Pozik irakurri dut berria, nahiz eta espazio kontuetan erabateko ezjakina naizen. Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeak eta Ibeak, Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoko Taldeak, ezagutzera eman dute Marten biltzen ari diren laginen kontua zertan den.
Duela pare bat urte jakin genuen espazioaren ikerkuntza arloan baginela nor. NASA espazio agentziak hemen egindako tresna bat hobetsi zuen beste askoren artean, Martera bidaliko zuten robot bat osatzeko. Ibili da nonbait han robota azken bi urtean. Laginak ere bildu ditu. Ikertzaileak 2030era begira jarriak omen daude, lagin horiek ekarri eta gero hemen aztertzeko. Oso epe laburra finkatu dutela iritzi diot. Zazpi urte baino ez dira falta. Ia ate joka dugu 2030a!
Urkullu lehendakaria ere han zen aurkezpen ekitaldian. «Zientzian eta berrikuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu», esan zuen, lantaldeei esker ona adieraztearekin batera. Horretan ere, jakina, inbertitu beharko da. Xelebrekeria bat gerta daiteke, ordea. 2030era iritsiko gara, eta Marteko zatiak eskuetatik hurbilago izango ditugu, abiadura handiko trenerako txartelak baino. Eta ez da izango tren horretan inbertitu ez dutelako.

HITZ ETZANAK
Espazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu