andoni egana

Etsaia lagun

2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askok galdetzen digu: «Eta zer egiten duzue zurian geratzen zaretenean?». Zeuk ere ez dakizu zehazki. Epel emango diozu erantzunen bat: beti sortzen dela zerbait; beharra baino irakasle hoberik ez dela; ohituraren poderioz ikasten dela ataka horretatik ateratzen…

Ahozkotik idatzizkora etorrita, galdera bertsua luzatuko dizu askok: «Zer sentitzen da orri zuriaren aurrean?». Otsailaren bihotz-bihotzeko astelehen buruzuria. Ez da apartekorik gertatu asteburuan. Egun mortuan sentitzen zara. Eta idazten hasi behar! Orria, ordea, ez da orri. Zorionez, pantaila da. Eta zorionez, orriek ez bezala, pantaila zuriek beti erakartzen dituzte gonbidatu gabeko bisitariak. 

Gaur, pantaila zuriari luzaroan begira-begira nengoela, aterki baten ikonopean iritsi zait albertentzia. «Erne ransomwarearekin!». Indartsu omen dator oso. Duela zazpi hilabete baino hiru aldiz aukera gehiago omen ditut eraso diezadan. Hartzeko hartu beharreko neurriak azkar bai azkar. Ustekabean sartuko zaidala nire ordenagailura, nire smartphonera, Google-ra eta eztarriko zuloraino. Nik, ransomware delakoa zer den ez dakidan honek, nekez jarri ahal izango diot arazoari erremediorik. Baina azkenean ulertu dut esaldi ezagunaren funtsa: «Etsaia menperatu ezin duzunean, egizu lagun». Gaur, ransomwareak salbatu dit otsaileko astelehen sustantziarik gabeko hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!