andoni egana
HITZ ETZANAK

Ezer ez

2022ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gure esaerarik kuttunenetakoa dut ezer ez... eta festa! Hitz lauz eta lau hitzez, zaila da gehiago adierazten. Gutxirekin asko lortzea; espero ez zen eta planifikatu gabeko leku-uneetan giro bikaina sortzea; adarjotzea; jolasa, solasa, kantua... Horiek eta gehiago da ezer ez... eta festa!

Festa eta... ezer ez! du txanpon horrek ifrentzu. Hori ere maiz gertatzen da. Ilusioa eta grina duzu egun izendatu jakin baterako. Prest zaude mundua jateko eta egunsentiak irents zaitzan. Heltzen da eguna, eta ez da beste munduko girorik sortzen edo ezer gertatzen.

Ez festa eta ez ezer litzateke hirugarren aukera. Azken bi urteotan agintariek hartutako neurriek horretara amildu gaituzte. Bat etorriko zara edo ez. Baina justiziarik ezarekiko minik handiena konparaketak sortzen du beti. Zuk bai eta nik ez? Nirea falta eta harena ez? Nik ordaindu eta zuk ez? Horretan harrapatu dute Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa. Festarik ez egiteko agindu besteri, eta bera eginez. Aitzakia barregarriak asmatu ditu gainera bere jokaera zuritzeko. Lan-bilera zela uste zuela eta ez jan-bilera... Ulertzen dut lana eta festa bereiztea ez dela beti hain erraza. Ni bertsolaria naiz ordea. Gure kasuan, jan-edan gehiegikeriak ia lan-istriputzat har daitezke...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.