Ez dakit zuei gertatzen zaizuen. Hitz jakin batzuekiko badut herrara iristen ez den errezelo moduko bat. Eta hitz horietako bat da freskoa. Ez da orain asmatzen ari naizen zerbait. Lehen ere idatzi izan dut inoiz hitz malapartatu horrek sortzen didan ezinegonaz. «Freskoa» dioenak, gehien-gehienetan, zerbait saldu nahi dizu. Erne!
Umetan, zerbait jan nahi ez zenuenean —fruta gehienetan, jogurten bat tarteka— amaren behinetaberrizko argudioa izaten zen. Jateko, fresko-freskoa zela. Eta haurrari, nahi ez badu, bost axola zaio freskotasuna. Amak segi halere fresko-freskoarenarekin. Umetako mamu soil izan zitekeen. Baina ez. Gerora konturatu nintzen, esaterako, telebistek parrilla berrirako programa «fresko bat» iragartzen dutenean, dardarka hasteko mila arrazoi badela. Programa «freskoa» izaten baita datorrena betorra, gidoirik ez duena, parte-hartzaileen jijiji-jajaja txatxua.
Atzo eraso zidan berriz, uste ez nuela, freskoa hitzak. Netanyahuk erabili zuen Trump goraipatzeko. Gazako biztanleak bere lurraldetik bidali eta han turismo-gune erraldoi bat eraikitzea «ideia freskoa» iruditu zitzaion israeldar agintariari. Ikusten? Senak ez dit beti huts egiten! Bidezko izatetik oso urrun dagoen zerbait saldu nahian datoz hauek ere. Batzuetan, errezelotik abiatuta herrara hel gaitezke. Ez dakit ez dudan urrats hori egin…