Azalpenak eman beharraren eman beharra iruditu zait bitxia. Sare sozialen garaiotan, antza, edozein haize bafadak indar handia har dezakeenez, den-dena ongi zurkaiztu beharra dago.
Gure inguruan gero eta herri gehiagotan ospatzen da Gau beltza. Egia da oraintsu arte ez dugula toki jakinekotan baino ezagutu. Mutrikun, esaterako, badu bere tradizioa. Baina beste askorentzat aski berria da Santu Guztien bezpera era horretan ospatzea. Eta udatik Gabonen artekoa bete egin behar da. Gutxienekoa horixe iruditzen zait, ordea.
Zinez atentzioa eman didana da ospatzen hasi berri diren herri horietako udalek, dantza, musika edo antzerki taldeek... azalpenak emateko premia sentitu dutela. Ari dela zenbait gaizki-esaka hau Ameriketatik ekarritako ohitura berri eta ergela dela, baina euskal usadioan ere bazuela lekua, hemen ere jartzen zirela kalabaza eta arbi hustuak barruan kandela zutela bide ertzetan jendea ikaratzeko asmoz, eta, beraz, ez dela kanpotik tonto-tonto ekarritako ohitura, gurean ongi sustraitua baizik. Beti da egoki azalpenak ematea; argitasunik ez den lekuan argi-printzaren bat eskaintzea. Baina gu izango gara munduko inuxente bakarrenetakoak, festa egitea erabaki eta erabakia justifikatzeko lan egin behar izaten dugunak.
HITZ ETZANAK
Gau beltza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu