Ez dakit zergatik, baina gaur goizean Xabier Leteren lanak katigatu zaizkit garunean. Akaso, gaur delako San Simon eta San Juda. Joan zen uda, eta negua heldu da. Euskal Herriko ikastetxeren batean, irakasleren batek, abestuko al zien haur edo nerabeei kantua? Azalduko al zien esanahia? Eta horren aitzakian hitz egingo al zien Gabriel Aresti edo Xabier Letez? Baietz pentsatu nahi dut… Umeentzat ez dela kanturik egokiena? Guk ere ez genuen umetan eremu latz ulertzen, baina zerbait ederra zioela sumatzen genuen.
Koxkortuxeagoei kantatzeko, berriz, igandeko BERRIAren lehen orrira jo beharko genuke. Otsoa ate joka. Leteren Otsoak u, u, u, u! hura gustura kantatuko lukete ikasleek, batik bat uluaren hotsak erakarrita. Eta gogoetarako bide emango luke kantuak. Zein zen duela mende erdiko otso hura, goseak zebilena, irribarre errukarria egiten zekiena, hamasei txerri, ehun oilo eta hogei ardi jan zituena? Eta zein zen Txanogorritxo, hasieran otsoen beldur, gero mintzalagun eta azkenean adiskide bihurtu zena? Eta joanak joan, metaforak metafora, ba al dute iritzirik ikasleek ganaduzale eta ekologisten artean sortu den xextraz?
«Selektibitaterako plana heuk egin nahi al duk?», galdetu dit goizeko kafearekin irakasletzatik erretiroa hartu berri duen lagun batek. «Hi ez haiz asko nekatu hire denboran!», eman dit epaia.