Gertatu izan zait noizbait. Ahalegin handia eskatzen duen zerbait bukatu berritan, nirea ez den hizkuntza batean mintzatzen ezin asmatu. Mendi maratoi bat amaitu, lagun erdaldun bati azalpenak ematen hasi, eta erdaraz egiteko, hitz bakoitza zokorik zokoenetik ekarri beharraren sentsazioa izan nuen behin… Erdara ahaztu balitzait bezala!
Gustura egon nintzen joan zen igandez Euskal Telebistak eskainitako Zegama-Aizkorri mendi maratoiari begira. Irudi ederrak ikusi ahal izan genituen. Baina aurten, irudiak baino gehiago katigatu ninduen hitzak. Batik bat, eraman zuten adituarenak, Jokin Lizeagarenak. Babesleei buruz, profesionalizazioak sor ditzakeen menpekotasunez, dopinaz, gaztetxoen ekipamendu gehiegizkoaz eta Instagram zaletasunaz, autokarabanen ugaritasunaz… esan zituenak, ahobizarrik gabe eta egoki esan zituen.
Emakumeetan, Sara Alonso donostiarra izan zen garaile. Helmugara iritsi berritan —txiki-txiki eginda, ulertzekoa denez— esku-mikrofono bat eskaini zioten eta hitz batzuk egin zizkien Zegamako plazan bilduei. «Hunkigarria», esan zuen esatariak. «Hamarrekoa, Euskaraldiaren azken egun honetan euskaraz egin izan balu», erantzun zion Lizeagak. «Gero egingo du guretzat», esatariak. Eta hala egin zuen! ETBri euskaraz erantzun zion. Horixe falta zaigu: euskara izatea eskolarako eta ETB1-i erantzuteko.