andoni egana

Gure akatsak

2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Historiari buruzko testu bat. Baina ChatGPTk sortua. Hura irakurri, hango datuak zuzenak ziren begiratu, eta akatsik bazen, akats horiek detektatu behar zituzten selektibitateko ikasleek, herenegun, azterketa batean.

Ez zait ideia txarra iruditzen. Etorkizun hurbilean garatu beharreko gaitasuna izango da. Ikas dezatela makinaz baliatzen baina aldi berean zuhur eta ia mesfidati jokatzen. Gainera, akatsa aurkitzen duenak badaki zerbait…

Nik, makinarena ongi iruditu arren, gure akatsetara joko nuke. Edo egokitasun ezera, zehazkiago. Azterketa laburra jarriko nieke, Euskaran, esaterako. Duela gutxi gisa honetako eskela bat ikusi nuen: «Manolo Tejerina Azpiroz. Atzo zendu zen 84 urterekin. Emaztea: Kontxita Ruiz; semea: Josu eta Miren; bilobak: Aner, Aintzane eta Garazi. Aita ona. Aitona maitagarria. Halaber, gizon zintzo eta atsegina. Legazpin, 2025eko ekainaren 3an». Zer detektatuko lukete eskelako testu labur horretan egungo 17-18 urteko ikasleek? Konturatuko lirateke eskela batean halaber emozio ororen aurkako artefaktu bat dela? Aita ona, aitona maitagarria eta gainerako denak desaktibatzen dituen lehergailu bat dela halaber jabetuko al lirateke? Erantzuna ezezkoa bada, gurea da errua. Azken oharra: gaur esan dezaket atzo neskato batek azterketa irteeran esan zuen gauza bera: «El iritzia no me ha salido muy bien».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.